Euskal enpresak ere gerraren konplize
Danbolin— 2026-04-28Mendebaldeko inperialismoa bizitzen ari den krisia leuntzeko aterabide gerrazalearen hautua egin dute mendebaldeko potentziek. AEBk eta Israelek abiatutako ofentsibari jarraitu diote erabat mende hartuta dauden NATO eta Europar Batasunak. Hori dela eta, kapitalismoaren aurpegirik gordinena ikusten ari gara: genozidioak, presidenteak bahitzea, kubatarrak gosez hiltzea… Horixe nahi dute munduko langileriarentzat: pobretzea, gerra eta heriotza. Horregatik, azken asteetan kaleetan adierazi dugun moduan beharrezkoa da Europar Batasunari, NATOri eta Sionismoari ezetz esan eta gerra inperialisten aurka kaleak hartzea.
Horri lotuta, munduan sortu den kontestu gerrazale honen baitan, beharrezkoa da gure herrietako enpresek gero eta intentsitate handiagoa hartzen ari den gerra inperialistan duten esku hartzea salatzea. Hori dela eta, eskualdeko zenbait enpresa eta banku seinalatu ditugu.
Enpresa zein banku hauek interes amankomunak dituzte, denek negozioa egiten baitute gerratik eta hark eragiten duen miseriatik. Izan ere, industria militarra sektore industrial errentagarrienetako bat da Europan, NATOren agindupean eta Europar Batasunetik bultzatzen ari diren militarizaziorako apustua medio.
Eskualdean jarduten duten enpresa eta bankuak logika kriminal horren adierazpenak dira: Xubi Groupek gerrarako askotariko materiala ekoizteko (Leopard tankeak, droneak, sateliteak…) piezak egiten ditu. Sidenorrek ere, sektore militarrerako hainbat pieza ekoizten dihardu. Eta berriki frogatu den moduan, Israeli ere materiala bidaltzen jardun du azken urteetan. Tecnaliari dagokionez, Ikerketan eta Garapenean jarduten du batez ere, gaitasun militarretara eta “segurtasunera” bideraturiko teknologian barne. Europako Defentsa funtsak finantzatutako proiektuak koordinatzen ditu. Bere bezero nagusiak gerra industriari loturiko enpresak dira (hala nola, SAPA, Indra, Boeing edo Thales); gainera, elkarlanean aritzen da, besteak beste, Espainiako Estatuko armagintzako TEDAE patronalarekin. Horiez gain, Xubik nahiz Tecnaliak material militarreko ferietan parte hartu izan dute.
Bestalde, gerrara bideraturiko ekoizpenak bankuen finantziazioari esker funtzionatzen du. Zentzu horretan, BBVA eta Santander bezalako bankuek milioika euro bideratzen dituzte arma industriaren parte diren enpresetara; bertatik negozioa eginez.
Kontrakoa saldu nahi diguten arren, gerraren industriaren onuradunak betikoak dira: enpresariak eta bankariak. Izan ere, garbi ikusten ari gara jada langileon gehiengoaren bizi baldintzak are gehiago okertzen ari direla gerra estrategia horren erruz: oinarrizko produktuen garestitzea, zerbitzu sozialen desmantelamendua… horren adibideak dira.
Gerra hauen oinarrian dagoen kapitalismoaren eta horrek sortzen dituen gerren aurka borrokatu behar dugu: beharrezkoa da gerra horiek sustatzen dituztenen kontra kontzientzia zabaltzen joatea, bai enpresa hauetan barrutik presioa eginez eta baita kanpotik ere egoera eta konplizitate hauek salatuz.
Horregatik, dei egiten dugu maiatzaren 1ean Iruñean egingo dugun manifestazioan mobilizatzera, NATOri, Europar Batasunari eta Sionismoari ezetz esatera: Gerra inperialistaren aurka kaleak hartu!
Egin zaitez bazkide
