Paperekoa

[ERREPORTAJEA] Rubiken kuboari jira eta bira

Rubiken kuboa osatzea lortzen duten horietakoa al zara? Hamaika bider saiatu arren, buruko min galanta eragiten dizu? Gehienez ere kuboaren alde bakar batean jartzen dituzu kolore berak? Askoren kasua da hori, ziurrenik. Izan ere, guztiok izan dugu noizbait buruhauste jolas hau esku artean; munduan gehien saldu den jostailua da. Harrigarria badirudi ere, 43 trilioi omen dira kubo batek izan ditzakeen konbinazioak.

Mikel Manterola (2010) aurkituko duzue maiz koloretako kuboaren atzean. 2023ko udan hasi zen speedcubing munduan, eta orduz geroztik, zaletasun hutsa izatetik harago, hainbat txapelketatan ere parte hartu du. Abenduan, Espainiako Txapelketan bigarren postua eskuratu zuen 3×3 kuboa esku bakarrarekin egiten. Bere erronkak, ordea, ez dira hor amaitu.

Koloretako kuboen artean trebatzen

Lagun batek erakutsi zion kuboa nola osatzen den. Hark 40 segundoan askatzen omen zuen; ez da denbora makala. Manterolak, ordea, hura gainditu nahi izan zuen. “Praktikatzen eta praktikatzen aritu ondoren, nik ere berrogei segundoan egitea lortu nuen”. Baina lehia ez zen hor amaitu: gero eta azkarrago egiten saiatzen hasi zen, kuboen munduak erabat harrapatu zuen arte.

Harrezkero, batez ere Internet bidez trebatu da arlo honetan. Bere esanetan, ikaskuntza nagusiki ingelesezko bideoak ikusita eta foroetan parte hartuz egiten da. Kuboa ebazteko hainbat metodo badaude ere, bi dira nagusiak: Fridrich eta Roux deiturikoak. Gehienek Fridrich metodoa erabiltzen dute. “Hasieran metodo bat aukeratu behar da, eta hortik aurrera kasu desberdinak ikasten joan”, azaldu du. Kasu horiek algoritmoak dira, hau da, mugimendu konbinazio zehatzak. Gaur egun, Manterolak 50 algoritmo inguru dakizki; munduko onenek, berriz, 400 inguru menderatzen dituzte.

Algoritmoa gora, algoritmoa behera

Ezagunena 3×3ko Rubik kuboa bada ere, aniztasun handia dago: 2×2, 4×4, dodekaedroa, Pyraminx edo piramidea, baita forma biribilekoak ere. Zestoako gazte honek, ordea, kubo arrunta eta neurri handixeagokoak ditu gustuko. 3×3ko kuboa zenbat denboran ebazten duen galdetzean, aho zabalik utzi du elkarrizketatzailea: “Normalean, zortzi segundoan”, erantzun du. (Eta zortzi segundo horietan, kuboaren alde bakoitzean zein kolore dauden begiratzeko denbora ematen al du ba?).

Kuboa esku bakarrarekin zein biekin osa daiteke. Manterolak azaldu duenez, oinarrizko pausoak berberak dira, baina “esku batekin egiteko, moldatu egin behar da, ergonomikoagoa izan dadin”. Bost behatzekin ebazteko, mugimendu gehiago baina azkarrago egitea hobe omen da, mugimendu gutxiago baina motelago egitea baino.

Jolas hau osatzeko gakoak ezagututa, pentsa liteke nahikoa dela praktika pixka batekin; baina errealitatea bestelakoa da. Eskolaz kanpoko beste edozein jarduera bezala har daiteke. Gaur egun, zestoar honek egunean ordubete inguru eskaintzen dio praktikatzeari, nahiz eta berak “nahiko gutxi” dela dioen. Udan, denbora libre gehiagorekin, gutxienez bi orduz aritzen da. Trebatzeko tarte horretan, aurrez ikasitako algoritmoak lantzeaz gain, berriak ikasten ere ematen du denbora, “praktikatu eta geroz eta azkarrago egiteko helburuarekin”. Azpimarratu duenez, “inork ez du ezer automatikoki egiten, pentsatu gabe”.

Protagonistaren esanetan, gakoa “interesean” dago: “interesik ez baduzu, ez duzu lortuko”. Ingurukoek, dirudienez, sarri eskatzen diote trikimailuak erakusteko. Hasieran, lagunek txantxetan esaten zioten probatu eta irabaziko ziotela; baina “segundo gutxitan egiten dudala ikusita, etsi egiten dute”. “Ez dute harago doan interesik ere”, gaineratu du.

Atzaparrei eragiten txapelketetan ere

Horrenbeste praktikatzeak badu bere arrazoia. Manterolak bi urte daramatza txapelketetan parte hartzen; kuboa praktikatzen hasi eta urte erdi ingurura ekin zion. Rubik kuboa oso ezaguna bada ere, afizio hutsetik harago, txapelketen mundua nahiko ezezaguna da oraindik.

Mikelek berak ere ez zuen hasieran ezagutzen. Kuboen mundura zaletzen hasi zenean, Bilboko denda handi batera joan zen. Bertako pantaila batean urte hartako txapelketa bateko bideoa ikusgai zegoen, eta bere arreta bereganatu zuen. “Dendakoek galdetu zidaten ea ausartuko nintzatekeen txapelketa batera probatzera joaten; baiezkoa eman nuen”, gogoratu du. Horrela hasi zen bere lehiaketetako ibilbidea.

Hainbat txapelketa ofizialetan parte hartu du, eta bere azken lorpen nabarmena joan den abenduan iritsi zen. Tarragonan jokatutako Espainiako Txapelketan aritu zen, eta ez bakarrik parte hartu: bigarren postua eskuratu zuen. Zestoarrak aitortu duenez, “bi urte besterik ez daramatzadanez txapelketetan, ez nuen espero hain azkar estatu mailan bigarren postua lortzea”. Txapelketan Europako hainbat herrialdetako parte hartzaileak izan ziren. Manterolak esku bakarra erabiliz askatu behar zen proban lortu zuen marka, 11,9 segundoko batezbestekoarekin; irabazleak segundo bat gutxiago behar izan zuen.

Lehiaketek askotariko modalitateak izaten dituzte, sarritan antolatzaileen arabera. Parte hartzaileek kubo mota desberdinak ebatzi behar izaten dituzte, eta speedcuber bakoitzak nahi duen kategorian ematen du izena. 

Orain, begiz jota daukan hurrengo erronka nagusia Europako Txapelketa da. Lau eguneko lehiaketa izango da, Amsterdamen, eta maila horretako txapelketetan ez da edonor sartzen: “batez besteko marka baxuak eskatzen dituzte”. Aurkari gogorrak izango dituen arren, Manterolak argi du: “dena ematera” joango da.

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide