Apirila 2026
— 2026-05-04Irakurri 281. zenbakia hemen.

Danbor hotsa izan zen Santa Kutz egunaren bezperako gaueko protagonista nagusia herrian. Euri iragarpenek ez zuten asmatu, eta eskerrak, euria aurreikusten baitzen helduen danborradarako. Arratsaldean euri apur bat egin bazuen ere, 22:30ean danborrada hasi zenetik bi orduz ez zuen euririk egin.
Urtero bezala, zortzi talde atera ziren kalera, eta musika banden laguntzaz herriko kaleak zeharkatu zituzten. Ohiko geldialdia egin zuten Gurutzean; hainbat pieza jo ondoren, plazarako bidea hartu zuten berriro.
Jakina zen bezala, plazan une berezia bizi izan zen. Iaz zendu zen Jesus Aizpurua Txispi, urte luzez Lauiturri elkarteko zuzendari izandakoa, omendu zuten. Hain zuzen, udaletxeko balkoitik, Mikel Arregi alkateak, eta ondoren senide nahiz Lauiturri elkarteko kideek gogoan izan zuten.
Jarraian, Txispik hain maitea zuen Debako Martxa pieza jo zuten lehen aldiz danborradan. Plazako danbor-jole guztiak udaletxearen aurreko eraikinari begira jo zuten danborra, Txispiren bizilekua izandakoari begira. Koiote tabernaren gaineko balkoitik, gainera, haren omenezko pankarta zabaldu zuten.
Santa Kutz egunez, gehiago
Helduen danborrada izan da Santakutzetako egitarauaren lehen hitzordu nagusia, baina gaur ere, maiatzaren 3an, danbor hotsez beteko da Zestoa. Hain zuzen, 18:00etan, haurren danborrada ospatuko da.