Albisteak

[ARGAZKIAK] Eman diete hasiera Aizarnako Amabirjinei

Mozorrotuta eta festa giroan bota dute gaur Aizarnako Amabirjinen hasierako txupinazoa. Urtero legez, aurten jaiotako haurrak eta haren familiak izan dute suziria botatzeko ardura.

Txupinazoaren aurretik, Festa Batzordeko kideek hartu dute hitza. «Urtero gauza bera» esaten dutela egotzi izan dietela aipatuta, aurten hitzartze berezia eta hunkigarria egin dute. Festetan denak berriz elkartzeak sortzen duen poza izan dute hizpide, baita aizarnar sentimendua ere. Bizitzako zenbait etapatan herritik alde egin behar izan arren, Aizarnak eta aizarnarrek beti besoak zabalik hartzen dituztela nabarmendu dute.

Aranburu jatetxea ere gogoan izan dute. Aurten itxi ditu ateak, 20 urteko ibilbidearen ondoren, eta urte horietan egindako lana txalo artean eskertu dute bertaratutakoek.

Txupina bota bezain laster, musikak eta buruhandiek hartu dute herria, eta festa bete-betean hasi da Aizarnan. Arratsaldean karropoteoarekin jarraituko dute, eta aurten, musikaz gain, Aizarnari buruzko galderak erantzuteko jolasa ere prestatu dute karroan, arratsaldea girotzeko. Ondoren afaria izango dute, eta gaua erromeria eta DJarekin luzatuko dute.

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide