Ekaina 2026
— 2026-07-02Irakurri 283. zenbakia hemen.

Ekaineko Danbolin aldizkarian auzoetako festa batzordeen inguruko erreportajea argitaratu genuen. Paperaren mugak medio, artikuluak auzotarrek esandakoen hainbat zertzelada besterik ez zituen bildu, eta horregatik, festa batzorde bakoitzari egindako elkarrizketak osorik argitaratzen ari gara webgunean.
Gaur hasiko dira Aizarnako Amabirjin jaiak, eta astelehenera bitartean lau eguneko egitarauaz gozatzeko aukera izango da auzoan. Herri afaria, oilasko biltzea eta herri kirolak dira urtero hutsik egiten ez duten hitzorduetako batzuk, eta aurten ere askotariko ekintzak prestatu dituzte.
Egitarau horren atzean hilabeteetako lana dago. Aizarnan urtarrilean egiten dute festak prestatzeko lehen bilera, eta Herri Elkartearen inguruan antolatzen dira, auzolanean eta herritarren parte-hartzearekin. Amabirjinak hastearekin batera, Aizarnako festen atzean dagoen lana, gertutik ezagutzeko, Festa Batzordeko kideei egindako elkarrizketa osoa ekarri dugu.
Zein da zuen auzo edo festen berezitasun handiena?
Guretzat, herri afaria eta oilasko biltzea dira bereziak festetan. Urte askoan mantendu diren ekintzak dira, gogoz hartzen ditugu eta jende pila bat elkartzen gara.
Zuen ustez, festak parte-hartzaileak dira edo gehiago kontsumora bideratutakoak?
Parte-hartzaileak direla esango genuke. Herri afaria, herri kirolak eta beste hainbat ekintza aurrera ateratzeko herritarren inplikazioa beharrezkoa da. Azkenean, parte-hartzerik gabe festak ez lirateke gaur egun diren bezalakoak izango.
Zein da auzotarrek gehien maite edo espero duten ekintza?
Zaila da bakarra aukeratzea, ekintza bakoitzak bere publikoa duelako. Gazteentzat oilasko biltzea oso berezia da; beste askorentzat herri kirolak ezinbesteko hitzordua dira; eta herri afaria ere urteko momentu garrantzitsuenetako bat izaten da.
Urteekin zerbait galdu dutela sentitzen duzue? Zer?
Urte batzuetan gazte kuadrilla sendo baten falta sumatu dugu. Belaunaldi arteko hutsune moduko bat egon zen, eta horrek parte-hartzean eta antolakuntzan ere izan zuen eragina.
Eta alderantziz, gaur egungo festetan badago berritzailetzat jotzen duzuen zerbait?
Azken urteetan gazte talde handia dator atzetik, eta horrek itxaropena ematen digu etorkizunerako. Berriro ere gazteen presentzia eta indarra nabaritzen hasi gara festetan.
Nolakoa da zuen festa batzordearen funtzionamendua?
Ez daukagu festa batzorde itxi edo egituratu bat. Herri Elkartearen inguruan antolatzen ditugu festak, eta urtearen arabera jende gehiago edo gutxiago inplikatzen gara. Nahiko modu ireki eta malguan funtzionatzen dugu.
Zenbat lagunek osatzen duzue gaur egun batzordea?
Ez daukagu kide kopuru zehatzik. Herri Elkarteko kideak eta herriko talde eragileetako ordezkariak aritzen gara, eta azken urteetan gazte batzuk ere bileretan parte hartzen hasi dira.
Noiz hasten zarete festak prestatzen?
Urtarrilean egiten dugu lehen bilera. Festak abuztuan izaten dira, baina kontratazio batzuk garaiz lotu behar izaten ditugu, eta horregatik urte hasieratik hasten gara lanean.
Errelebo falta sumatzen duzue?
Garai batean bai, baina gaur egun ez hainbeste. Gazte belaunaldi berria etorri da, eta pixkanaka erreleboa ematen ari da. Alde horretatik, etorkizunera begira pozik gaude.
Zerk bultzatzen zaituzte festa batzordean parte hartzera?
Herria bizirik mantentzeko gogoak. Festak herriaren bizitzaren parte direla uste dugu, eta belaunaldi berriek ere horiez gozatzeko aukera izan dezaten egiten dugu lan.
Eta zer da gehien nekatzen edo erretzen zaituztena?
Ideiak edukitzea baino gehiago, ideia horiek aurrera eramateko jendea mobilizatzea da zailena. Festa egunetan laguntzeko prest dagoen jende asko dago, baina aurretik dagoen antolakuntza lan guztia pertsona gutxiren gain geratzen da askotan. Jendearen atzetik ibili behar izatea da zailena eta nekagarriena. Jokoetan edo bestelako ekintzetan parte hartzeko jendea lotzea, adibidez, oso lan nekagarria bilakatzen da.
Nolakoa da zuen harremana udalarekin?
Harreman ona eta zuzena daukagu. Udalak dirulaguntza eta materiala eskaintzen dizkigu, eta guk hartzen dugu festen antolakuntzaren ardura.
Udalak gehiago egin beharko lukeela uste duzue? Zertan?
Udalak ez du inoiz festen antolakuntzan parte hartu, beraz, izan ez dugun hori ez dugu faltan sumatzen. Amabirjinak neurri handi batean auzolanari esker ateratzen dira aurrera, eta horrela ondo dagoela uste dugu. Zerbaitetan laguntzekotan, laguntza ekonomiko handiagoa eskertuko genuke.
Zer eskatuko zeniokete udalari?
Ba horixe, diru gehiago eta azpiegitura edo ekipamendu jakin batzuk finantzatzeko laguntza. Gaur egun edozein ikuskizun edo musika emanaldi antolatzea oso garestia da. Musika emanaldi erakargarri batek, esaterako, gau bateko ekintza batek, ia aurrekontu osoa eraman dezake.
Festa batzorderik gabe, auzoko festek irabazi edo galdu egingo luketela uste duzue? Zergatik?
Dena galduko luketela uste dugu. Herritarren parte-hartzea eta auzolanaren bidez eraikitako jai eredua galduko lirateke, eta festek ez lukete gaur egun duten izaera herrikoia izango. Edo, zuzenean, ziurrenik ez lirateke egingo.
Festa batzordekoak ez diren auzotarrek zuen lana aitortzen dutela sentitzen duzue?
Oro har, bai. Jendea kontziente da festen atzean lan handia dagoela, eta gehienek egiten dugun ahalegina baloratzen dutela sentitzen dugu.
Kexarik edo kritikaren bat jasotzen duzue normalean?
Bai, tarteka, baina gutxi. Kritika gehienak musika taldeei, gaueko giroari edo egitarauari buruzkoak izaten dira. Askotan jendeak ekintza gehiago edo indartsuagoak eskatzen ditu, baina, lehen esan bezala, daukagun aurrekontua mugatua da. Azkenean, dena ezin da egin.
Mezuren bat helarazi nahi zeniekete auzotarrei?
Herria eta festak bizirik mantendu nahi baditugu, parte hartu egin behar dugu. Festa egunean bertan ez ezik, aurretik egin beharreko antolakuntza lanetan ere jende gehiago inplikatzea gustatuko litzaiguke.
Festa batzordean parte hartu nahi duenak nora jo edo norekin jarri beharko luke harremanetan?
Festen inguruan egiten ditugun bilerak irekiak dira, eta interesa duen edonork parte har dezake. Herri Elkartearen bidez edo festak antolatzen gabiltzan gutako edozeinekin hitz egitea besterik ez dago.