Uztaila 2026
— 2026-08-25Irakurri 284. zenbakia hemen.

Estazioko autokarabanentzako gunearen erabilera ordainpekoa izango da 2027ko urtarrilaren 1etik aurrera. Zestoako Udalak gunearen tarifak zehaztu zituen aurreko astean, egindako ohiko udalbatzarrean, eta proposamena aho batez onartu zuten EH Bilduko eta EAJko udal ordezkariek.
Udalak otsailan onartu zuen Estazioko gunearen erabilera arautzeko ordenantza, baina hari lotutako tarifak zehaztea falta zen. Urte amaierara arte doakoa izango da aparkatzea.
Hiru erabilera mota aurreikusi dituzte. Iraupen luzeko egonaldietarako 18 plaza izango dira; hiru egunera arteko egonaldi turistikoetarako, 40; eta inguruan jarduera ekonomikoa duten enpresentzat, beste sei plaza gordeko dituzte.
Iraupen luzeko egonaldiagatik eta jarduera ekonomikoari lotutako plazengatik 100 euroko tarifa ezarriko dute; hiru egunera arteko egonaldiagatik, berriz, 5 eurokoa. Tarifen barruan ura hartzeko eta ur zikinak husteko zerbitzuak ere sartuko dira.
Udalaren asmoa da urtea amaitu aurretik iraupen luzeko plazak eskuratzeko deialdia egitea. Eskari kopurua erabilgarri dauden plazena baino handiagoa bada, zozketa egingo dute. Ordainketak sistema digital baten bidez kudeatuko dira, eta Udaltzaingoak egonaldien kontrola egiteko aukera izango du.
Gunearen egokitzapen lanak ia amaituta daudela azaldu zuen Mikel Arregi alkateak; pintaketak eginda daude eta azken ukituak baino ez dira falta.