Uztaila 2026
— 2026-08-25Irakurri 284. zenbakia hemen.

Atzo, irailaren 25ean, 41 urte bete ziren GALek Baionako Monbar hotelean Xabin Etxaide herritarra, Inaxio Astiasuinzarra, Jose Mari Etxaniz eta Agustin Irazustabarrena hil zituenetik. Urtero bezala, gaur eguerdian Etxaide oroitzeko ekitaldia egin dute.
Eguna Ertxiña mendira igoz hasi dute eta, behin gailurrean, talde argazkia atera dute. Ondoren, 13:00etan hasi da plazako hitzordu jendetsua. “Askatzera lotuak. Xabin gogoan” zioen pankartaren atzetik abiatu dira kalejiran, txistulariek lagunduta, Etxaideren omenezko monolitoraino. Bertara hurbildu ahala, monolitoaren albo batean zeuden txalapartarien hotsek hartu diete lekukoa txistulariei.
Urtero bezala, monolitoaren inguruan elkartu dira bertaratutakoak, eta hitzartze batekin ekin diote ekitaldi nagusiari. Ondoren, poesia errezitatu dute musikak lagunduta, eta bertsoek, kantuek eta aurreskuak osatu dute omenaldia.
Amaitzeko, Etxaideren amak lore sorta jarri du semeari eskainitako monolitoaren aurrean, eta, haren atzetik, bertaratutakoek krabelinak utzi dituzte banan-banan. Eusko Gudariak abestuz eman diote amaiera ekitaldiari, eta, ondoren, plazara itzuli dira berriro. Bertan, txalo zaparrada batekin amaitu dute omenaldia.

