Uztaila 2026
— 2026-08-25Irakurri 284. zenbakia hemen.

Iaz, “Elkartasuna ez da delitua” lelopean, “elkartasun feministagatik” auziperatutako sei herritarrei babesa eta elkartasuna adierazteko mobilizazioak abiatu zituzten. Seiak absolbituak izan ziren arren, zortzi urteko prozedura judizialak eragindako gastuei aurre egiteko, Zestoako Mugimendu Feministak egun osoko jaialdia antolatu du urriaren 17rako, “Elkartasuna Plazara” izenpean.
Askotariko ekitaldiak antolatu dituzte egun horretarako. 12:00etan emango diote hasiera jaialdiari, ongietorriarekin, eta, segidan, Onintza Enbeitak eta Uxue Alberdik bertso saioa eskainiko dute. 13:00etan, Le Big Gibel taldeak girotutako poteoa egingo dute, eta 14:30ean, herri bazkaria. Bazkalostea girotzeko, poesia errezitaldia ere izango da. Gainera, 17:00etatik aurrera hainbat kontzertu izango dira: Rodeo eta familia, Aizpea, Ke Lepo, Sara Zozaya eta Ines Osinaga igoko dira agertokira, besteak beste.
Bazkarirako eta kontzertuetarako txartelak salgai daude jada. Bazkarirako txartelak 25 euro balio du, eta kontzertutakoak, 18 euro. Bi kasuetan, prekarioentzat txartelak 15 euroan jarri dituzte. Bazkarirako eta kontzertuetarako txartelak batera erosiz gero, berriz, 40 euro ordaindu beharko dira; prekarioek, 28 euro.
Zestoan, Portale eta Ogi Berrin daude txartelak eskuragarri. Horrez gain, Azpeitiko Orkatz eta Nizan, Zumaiako Emakumeon Etxean eta Zarauzko Arrano tabernan ere erosi ahal izango dira. Mugimendu Feministak azaldu duenez, ekarpen ekonomikoa egin nahi dutenentzat bonoak ere eskuragarri egongo dira leku horietan.