Albisteak

[ARGAZKIAK] Haurren danborren burrunbak ozen entzun dira Santa Kutz egunean

Herria santakutzetan murgilduta egon da egunotan, eta ohiko moduan, danborradak izan dira festetako hitzordu nagusiak. Atzo, Santa Kutz egunean, haurren danborradaren txanda izan zen. Eguraldia ere uste baino hobeto portatu zen, danborrada amaitzear zela hasi baitzen euria.

Danbor jotzaileek, pandero jotzaileek, sukaldari, gastadore, zalduntxo txikiek, banderadunek, edota zirikatzaile-buruhandiek herriko kaleak zeharkatu zituzten, herriko musika bandak jotako piezen erritmoa jarraituz. Ikusleen babesak ere ez zien hutsik egin arratsaldeko protagonista nagusiei; jende asko elkartu zen danborradaren ibilbide osoan, bereziki Gurutzeko eta plazako geldialdietan.

Danborradako beste protagonistetako bat Urolako trena irudikatzen zuen karroza izan zen, trenak ehun urte bete baititu aurten. Lierni Goenaga arduratu zen karroza egin aurreko maketa prestatzeaz, baina lana elkarlanean egindakoa izan da: Goiatz Aristi, Esti Zabala, Iñaki Odriozola, Mikel Azkona eta Beñat Arakistain ere aritu dira proiektuan.

Liernik azaldu duenez, Azpeitian ere aurtengo karroza gai beraren inguruan egin dute, eta handik hainbat arropa eta pieza utzi dizkiete Zestoako karrozarako. Gainera, azpimarratu duenez, “lagun artean egindako proiektua izan da, eta asko disfrutatu dugu”.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide