Apirila 2026
— 2026-05-04Irakurri 281. zenbakia hemen.

‘Gureak egin din’ konpainiaren eskutik, Frankopoleon antzezlana izango da bihar, maiatzak 5, Kultur Etxean. Emanaldia 18:30ean hasiko da eta helduentzat izango da. Sarrera doakoa den arren, sarrerak kiroldegian hartu beharko dira.
Udalbiltzaren Geuretik Sortuak ekimenaren baitan sortutako lana da, eta 2070. urtean kokatzen da, Frankopoleon estatu dualean. Testuinguru horretatik abiatuta, euskararen inguruko hausnarketa proposatzen du emanaldiak.
Antzezlanaren aurkezpenean azaltzen dutenez, proiektu honek, kulturartekotasunaren begiradatik, euskal identitatea behatzea du helburu. Hala, euskal identitateaz, hobeto esanda, identitateez, hausnartarazten duen antzezlan bat sortzea du xede. Horretarako, E/euskal H/herriko biztanleen bizipen, gogo eta gogoetak jaso eta grabatu dituzte, identitate anitzak oholtza gainean gorpuzteko eta herritarren ahotsei leku berezi eta beharrezkoa emateko.
Euskararen Loraila egitasmoaren baitan antolatu dute emanaldia. Euskara erdigunean jartzea eta haren egoeraren inguruan hausnartzea helburu duen egitaraua da, eta maiatzean zehar hainbat kultur jarduera bilduko ditu herrian: hitzaldiak, sormen saioak eta bestelako ekitaldiak, euskararen zaintza eta erabilera sustatzeko asmoz. Ekitaldi honek emango dio hasiera programazio zabal horri.