Albisteak

[ARGAZKIAK] Karmen eguna ospatzen ari dira Arroabean

Karmen eguneko ospakizunetan murgilduta dabiltza gaur, osteguna, Arroabeko auzotarrak. Atzo lehertu ziren festak, eta igandera bitartean ekintzaz beteriko egunak izango dituzte. Gaur goizean, haur, gazte zein helduentzako hainbat jarduera egin dituzte.

Eguna 11:00etan futbito txapelketarekin abiatu dute, eta 12:00etan Karmen eguneko ohiko meza ospatu dute. Eguerdi aldera, Itxaropena dantza taldeko kideek ikasturtean zehar ikasitako dantzak eskaini dizkiete auzotarrei. Ondoren, jubilatuak bazkaritan elkartu dira elkartean, eta bazkalostea trikitilarien laguntzarekin alaitu dute.

Arratsaldean ere festa giroak jarraipena izango du, eta kirola izango da protagonista. 18:00etatik aurrera, herri kirol erakustaldia egingo dute. Harri-jasotzen Irati Osinalde, Olaia Esnaola, Jon Unanue “Goenatxo” eta Xabier Aranburu “Guzta” ariko dira; aizkoran, berriz, Unai Etxeberria eta Igoin Pikabea.

Herri kirolen ondoren, 19:30ean, Sarek antolatutako Etxera esku pilota txapelketako finalak jokatuko dituzte. Lehenik, Liher eta Jantxi Mikel eta Liamen aurka lehiatuko dira hirugarren postua lortzeko. Ondoren, txapelaren bila ariko dira Larrañaga eta Segurola, Irisarri eta Ellakuriaren aurka.

Gauean, 22:00etan, mus txapelketa egingo dute. Parte hartu nahi duten bikoteek 20 euroko izen-ematea ordaindu beharko dute, eta 21:30era arte izango dute izena emateko aukera Ederki elkartean. Irabazleek txapela eta izen-emateekin bildutako diruaren %40 jasoko dute; bigarren sailkatuek %30, hirugarrenek %20 eta laugarrenek %10.

Hona hemen karmenetako egitaraua, osorik:

Uztailak 16, osteguna. Karmen eguna
18:00. Herri kirolak.
19:30. III. Etxera esku pilota txapelketako finala.
22:00. Mus txapelketa.

Uztailak 17, ostirala. Umeen eguna
11:00. Umeen jolasak.
13:00. Umeen bazkaria.
15:00. Puzgarriak.
Ondoren, 2025eko kintadari ongi etorria eta txokolatada.
19:00. Gozau txaranga.
21:00. Herri afaria.
23:00. Hoben, The Lio, DJ Indate eta DJ Fury.

Uztailak 18, larunbata
11:00. Paella lehiaketa.
14:00. Kuadrilen bazkaria.
17:30. Kuadrilen arteko jolasak Lopene ganadutegiko zezen txikiekin.
Ondoren, Lopene ganadutegi enbolatuak.
19:00. Hamarru elektrotxaranga.
23:00. Trikidantz eta DJ Bull, txosnan.
00:00. DJ Saizar, DJ Eddy eta DJ Kroke, zentroan.

Uztailak 19, igandea
12:00. Motx pailazoa.
13:00. Zestoako bandaren kontzertua.
18:00. Sagardo dastaketa.
19:00. Izer eta Alabierren erromeria.
22:00. Bandera jeitsiera.

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide