Albisteak

[ARGAZKIAK] Karmentxuren ongietorriarekin eman diete hasiera Arroabeko karmenei

Atzo, uztailaren 15ean, hasi ziren Karmen jaiak Arroabean, eta festarako gogoa nabarmena izan zen auzoan. Jaia 18:00etan abiatu zen, auzotarrak Katzaola baserrian elkartu zirenean.

Ospakizuna auzo osora zabaldu zen, baserri ezberdinetara bisita eginez. Katzaolatik abiatuta, Lopene, Marduxarra eta Lokatza baserrietatik pasatu ziren, ondoren herrira itzuliz. Ibilbidean, karrozak musika eta giroa eramateaz gain, momentuan bertan prestatu zituzten txorizo eta urdai pintxo gozoak ere eraman zituzten. Karmentxu eta karrozak, auzokideekin batera, festa giro bikaina sortu zuten.

Frontoian egin zen parrilladak eta txotxak jarraipena eman zioten festari, eta gauean DJ Patx-ek hartu zuen musika eta giroaren gidaritza.

Jaiak iganderaino luzatuko dira, eta auzotarrek izango dute zer gozatua Arroabean. Ikusi hemen egitaraua:

Uztailak 16, asteazkena
Karmen eguna

– 12:00etan: Meza.
– 13:00etan: Itxaropena Dantza Taldearen emanaldia.
– 17:00etan: Herri Kirolak pentatloi erara.
– 19:00etan: Sagardo dastaketa Erkizi eta Enaitz trikitilariek alaituta.

Uztailak 17, osteguna
Jubilatuen eguna

– 11:00etan: Futbito txapelketa.
– 12:00etan: Meza.
– 14:00etan: Jubilatuen bazkaria. Ondoren, Elaia eta Jare Izagirre trikitilariak.
– 17:30ean: Buruhandiekin kalejira.
– 18:00etan: II. Etxera Esku Pilota Txapelketako finala.

Uztailak 18, ostirala
Umeen eguna

– 11:00etan: Ume jolasak.
– 13:00etan: Umeen bazkaria.
– 15:00etan: Puzgarriak. Ondoren, apar festa.
– 19:00etan: Punttu Kakotx elektrotxaranga.
– 21:00etan: Herri afaria.
– 23:00etan: Bide Batez erromeria, DJ Costmix eta DJ M&M. Goizaldean, gaupaseroen jolasak eta gosaria.

Uztailak 19, larunbata
Koadrilen eguna

– 11:00etan: Paella lehiaketa.
– 14:00etan: Kuadrilen bazkaria.
– 17:30ean: Albara Ganadutegiko enbolatuak Joxe Migel plazan. Ondoren, Zumaiko Karropoteua.
– 23:00etan: Bikabi, La Txama eta DJ Indate.

Uztailak 20, igandea
Azken eguna

– 10:30ean: Txistulariak.
– 11:00etan: Kalaka jolas kooperatiboak.
– 13:00etan: Zestoako bandaren kontzertua.
– 17:00ean: Buruhandiekin kalejira.
– 17:30ean: Asto proba.
– 19:00etan: Izer eta Alabierrekin erromeria.
– 22:00etan: Karmentxuren agurra.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide