Albisteak

[ARGAZKIAK] Meza eta hamaiketakoarekin hasi dituzte Narrondoko San Kristobal jaiak

San Kristobal jaiei hasiera eman diete gaur goizez Narrondo auzoan. Igande arratsaldera bitarteko egitaraua prestatu du hango jai batzordeak, eta hasteko, gaur, San Kristobal eguna izanik, herri meza izan dute. Jon Cuadrado apaizak eman du meza eta eta ondoren, auzotar batek bertso pare bat abestu ditu.

Elizkizuna bukatu eta jarraian, hamaiketakoa izan dute herritarrek errepide ertzean jarritako karpan. Hara joandakoek salda beroa eta txorizoa zein haragi egosia jateko aukera izan dute.

San Kristobal egunerako prestatutako egitarauak arratsaldez izango du jarraipena. Hala, 16:00etan hasi eta 20:00ak arte txikientzako puzgarriak izango dituzte, baita txokolate-jana ere. Horrez gain, 19:30ean sagardo dastaketa pintxoekin, Ostolaza eta Larrañaga trikitilariak eta dantzaldiaz gozatzeko aukera izango dute.

Hona hemen egitaraua, osorik:

Gaur, ostirala
16:00-20:00 Puzgarriak, zezen mekanikoa eta txokolatada. Eguraldi ona egiten badu, uretako puzgarriak izango dira.
19:30 Inguruko baserrietako sagardo dastaketa pintxoekin eta Ostolaza eta Larrañaga trikitilariak. Ondoren, dantzaldia.

Uztailak 11, larunbata
12:00 Bidegorriko I. Poteoa Bizikletarekin.
15:30 Mus eta Eskoba txapelketa.
20:30 Sardina jana. Sardinak doan, saiheskiak eta edariak ordainduta. Ondoren, Elizagoien ahizpak eta Imanol trikitilariak.

Uztailak 12, igandea
11:00-14:30 IV. Artisau azoka eta talogileak. Talogileak egun guztian zehar egongo dira.
12:30 Zapotxin pailazoaren Baratxuri zoparen sekretua emanaldia.
Ondoren, bazkaltzeko aukera izango da karpan, bakoitzak bere janaria eramanda. Edariak mostradorean erosi beharko dira.
18:00 Herri kirol erakustaldia. Aizkolariak: Andoni Iruretagoiena “Izeta VI”, Mikel Larrañaga, Ugaitz Mugerza eta Eneko Otaño. Harri-jasotzaileak: Estefi Etxebeste eta Udane Ostolaza.

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide