Apirila 2026
— 2026-05-04Irakurri 281. zenbakia hemen.

Arroabeko San Isidroak maiatzaren hirugarren asteburuan ospatuko dituzte, eta auzoko eragileek elkarlanean antolatutako egitaraua aurkeztu dute aurten ere. Antolatzaileek adierazi dutenez, “festak herritik eta herriarentzat” dira, eta herritarrak parte hartzera eta giroaz gozatzera animatu dituzte.
Maiatzaren 14tik 17ra bitartean izango dira ekitaldiak, askotariko proposamenekin: dokumentalak, dantza eta musika emanaldiak, Txara kooperatibaren urteurrena eta zozketa, haurrentzako jarduerak zein herri afaria.
Lehen egunean, maiatzaren 14an, film laburren emanaldiarekin hasiko dira festak, Agur Artzai eta Idi lanekin. Ondoren, solasaldia egingo dute Beñat Gereca eta Julen Zubiete egileekin.
Hurrengo egunean, maiatzaren 15ean, dantza eta trikitixa emanaldiek hartuko dute lekukoa, eta amaieran, txararen bosgarren urteurreneko mokadutxoa eta otarraren zozketa egingo dituzte.
Maiatzaren 16an, larunbatez, umeentzako txepetxa, bingoa eta magia ikuskizuna izango dira arratsaldean, eta gauean herri afaria, sarreran Txaran daude salgai jada. Afalostean, DJ Patx-ek girotuko du gaua. Azken egunean, maiatzaren 17an, Udaberriko Argazki Rallyak emango die amaiera festei.
Maiatzak 14, osteguna
18:00 Film laburren emanaldia: “Agur Artzai” eta “Idi”. Jarraian, Beñat Gereca eta Julen Zubiete egileekin solasaldia.
Maiatzak 15, ostirala
18:00 Kurtso amaierako dantza emanaldia.
18:45 Kurtso amaierako trikitixa eta pandero emanaldia.
Jarraian, Txararen 5. urteurreneko mokadutxoa eta otarraren zozketa.
Maiatzak 16, larunbata
11:00-12:30 Txepetxa.
17:00 Bingoa.
18:30 “Mariaren kutxa magikoa”: adin guztientzako magia ikuskizuna.
21:30 Herri afaria.
Ondoren, DJ Patx.
Maiatzak 17, igandea
10:00-13:00 Udaberriko VI. Argazki Rallya.