Albisteak

Astelehenetik aurrera herriguneko ekipamendu publikoak eta tabernak itxita egongo dira

Osasun Sailak ostiralean emandako datuen arabera, PCR probetan hamabi kasu positibo atzeman ziren osteguna bitartean. Eusko Jaurlaritzak ez ditu herriz herriko datuak ematen asteburuetan eta beraz astelehen arte ez da konfirmatuko baina positiboek goraka jarraitzen dutela jakinekoa da. Hau horrela izanik, Udalak egoera kontrolpean dagoela ziurtatu arte neurriak hartu eta bando bidez jakinarazi ditu. Oraintxe bertan konfirmatu dio Udalak Danbolini eta bandoan jasotzen ez bada ere, Udala eta tabernariek adostuta, tabernak ere itxita egongo dira bi egunez eta asteartean egoera kontrolatuago dagoela ikusten bada, asteazkenean irekiko dira. Musika Eskolari dagokionean esan, klaseak on line izango direla.

ZESTOAKO UDALAREN BANDOA

Egitateak:
“Covid 19”arekin positibo emandako kasuak gora egiten jarraitzen dutela ikusirik, Udala
osasun sailarekin harremanetan jarri da eta biztanle kopuruaren arabera agertu diren
positiboak garrantzitsuak badira ere, oraindik transmisioa komunitarioa izan denik esateko
moduan ez gauden arren, adin eremu guztietan eragin duela kontutan hartuta, Zestoako
Udalak egoera kontrolpean dagoela ziurtatu arte neurriak hartuko ditu.
Egoerari aurre egiteko orain arteko gure ohiturak aldatzea ezinbestekoa da. Izan ere, pertsonen
arteko zenbat eta harreman gehiago, orduan eta kutsatze arrisku handiagoa. Beraz, ahalik eta
azkarren agerraldi berri hau kontrolpean izan nahi badugu, gure harreman sozialak murriztea
komenigarria da.
Udalak egoeraren aurrean lasaitasuna eta sosegua eskatu nahi ditu, denok zentzuz eta
erantzukizunez jokatzen badugu, bat bateko gorakada hau berehala kontrolpean izango dugu
eta hori da une honetan herritar guztion artean lortu beharreko helburua.

Ebazten dut:
Astelehena, irailak 21etik hasita, bestelakorik adierazi arte, Zestoako herrigune nagusiko
ekipamendu publikoak itxi egingo dira.
Erabakiak ondorengo azpiegiturei eragingo die:
– Kiroldegia
– Iraetako futbol zelaia
– Zestoako Kultur Etxea (gaztetxea barne)
– Liburutegia eta beheko aretoa
– Gazte lekua eta osasun etxe zaharra
– Zentro txikia
Udaletxea irekita egongo da baina herritarrei udalarekin egin beharreko gestio guztiak ahal
bada telefono edo internet bidez egitea eskatzen zaie eta horrela ezin bada, egin beharrekoak
apur bat atzeratzea.
Amaitzeko, Udalak, sortuko diren eragozpenengatik barkamena eskatzeaz gain, gaitzak
erasanda dauden herritar guztiei animorik beroenak eman nahi dizkie.

Zestoan, 2020ko irailaren 20an
Mikel Arregi Urrutia
Zestoako alkatea

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide