Albisteak
[ATARIKOA] Musika eta zaintza bizitzen erdigunean
— 2025-02-12Gizakia autonomia gutxien duen animalia dela esango nuke, batez ere, bizitzako hasierako eta bukaerako etapatan. Zaintza da gure biziraupenaren eta gizartearen oinarria, baina kontrara, ez erdigunea. Zaintza lanak, luzaroan, emakumeenak izan baitira eta gizarte kapitalista eta patriarkalak sektore feminizatuak bigarren mailan kokatzen ditu. Pixkanaka, ordea, egoera ari da aldatzen. Familia barruko lanak partekatzeko ahaleginean gabiltza gizon-emakumeok, eta etxetik kanpora ere hasia da bidea. Horren adibide dira Peru, Aitor, Iker, Unai eta Ander. Zaintza lanei lotutako ikasketak egiteko hautua egin dute eta San Juan egoitzan ari dira lanean. Beraiek gustura dabiltza, asko eman zein jasotzen dutela diote, baina askotan gogorarazten diete inguruan gutxietsitako lana dela: “Ze, zaharren ipurdiak garbitzera?”.
Ipurdia garbitzen zidateneko oroitzapen garbirik ez dut, baina bai garai hartako soinu bandarena: Tximeleta mendian, Astoa ikusi nuen, Plisti plasta, Ran roberran… Xirula Mirularekin haziak gara gure belaunaldikoak. Kantu horiek entzutean Imanol Urbietaren izena datorkigu; berriro ere emakumea ezkutuan. Urbieta ez baitzen bakarrik aritu, Kontxi Aizarna izan zuen bidelagun; musika eta euskara uztartuta material pedagogikoa sortu eta zabaldu zuten Euskal Herri osoan zehar. Argi zuten musikak, baita dantzak ere, haurren beharrei erantzuten dietela. Zoritxarrez, ordea, zaintza lanak bezalaxe, ez daude erdigunean.
Nik argi dut onura fisikoak eta psikologikoak dakartzatela; hezkuntza sistemak noizbait emango al die dagokien lekua? Gero eta gizarte indibidulista honetan harremanetarako zubi ere badira. Pentsatzen jarri eta nik musika eta dantzaren aitzakian ezagutu dut San Juan egoitza. Haur nintzela txirula jotzera eta abestera joaten ginen, eta aurrerago herriko bandarekin erregeei laguntzera Gabonetan. Santa Eskean ere joan izan gara eta Itxaropenakoekin ere bai dantzara, nola ez.
Mutil gazteek argi dute ipurdia garbitu baino askoz gehiago egiten dutela. Badakit zaintza-lanak latzak direla zenbait momentutan, baina nik San Juan egoitza jaia eta pozarekin lotzen dut. Azkenengoz Jose Mari Urbieta Terrible zena elkarrizketatzera joan nintzen eta han bukatu nuen erromerian! Oker ez banago Josebak asteazkenero ateratzen du soinua, eta han aritu ginen Jose Mari eta biok koilararekin botila joaz erritmoa markatzen.
Zaintzaren oinarri dira ongi-izate fisiko eta mentala, eta horretan musikak asko du laguntzeko. Zainduak zein zaintzaileak izatea dagokigu bizitzan, eta musikaren eskutik bada, askoz ere errazagoa eta goxoagoa izango da hartu-emana.
Amaiur Aristi Arregi
Egin zaitez bazkide