Albisteak

Ostiralean emango zaio jarraipena nerabeen parte-hartze prozesuari

Urtarrilaren 31n Zestoako Udalak martxan jarritako nerabeen parte-hartze prozesuaren baitan bilera izan zen nerabeekin Jubilatuen Tabernan. Bilera arrakastatsua izan zen, 60 nerabe inguruk hartu zuten parte. Udaleko zinegotziak eta teknikaria, eta prozesuan parte hartu duten herriko hainbat gazte erreferente ere izan ziren bilera hartan.

Datozen asteotan lan-talde horiek aktibatzen joango dira. Aurreneko bilerak ostiralean, otsailak 14, izango dira, gaztelekuan:

  • 18:00etan. Gaia: futbito-txapelketa.

  • 18:00etan. Gaia: pumptrack-a.

  • 19:00etan. Gaia: dantza-ikastaroa.

Nerabeek egindako proposamenen artean hainbat ekintza ere baziren. Ekainera bitartean ekintza horien antolaketarekin hastea da helburua, nerabeekin beraiekin, eta kasu batzuetan Udalarekin elkarlanean, edo herriko elkarteren batekin elkarlanean, ekintzak eskatzen duenaren arabera. Prozesu honen helburua nerabeak herriko dinamikan parte aktibo bihurtzea da; eta Udala eta nerabeen arteko harremana gertuagokoa izatea.

Nerabeekin egindako bileran nerabeek proposatutako ekintzetako batzuk antolatzeko lan-taldeak osatu ziren. Honako hau da ekintza horien zerrenda:

  1. Agirorekin lo egitera.

  2. Futbito txapelketa.

  3. Pumptracka: ikastaroa, ingurua txukundu…

  4. Arroaerrekako festak.

  5. Festen antolakuntzan parte hartu.

  6. Baltsa jaitsiera.

  7. Akoako bira.

  8. Gimnasiora joateko laguntza.

  9. Dantza.

  10. Marrazketa.

Astelehenean Arroabean

Datorren astelehenean, otsailak 17, Arroabean egingo da bilera bertako nerabeekin. Arroabean egin zituzten proposamenen inguruan hitz egingo dute nerabeek zinegotzi, teknikari eta gazte erreferenteekin.

Bilera Elkargunean izango da 18:00etan, eta Arroabeko nerabeei dei berezia egiten zaie bileran parte hartzeko.

Udazkenean hasitako prozesua

Udazkenean Zestoako 12-16 urte bitarteko nerabeak dauden eskualdeko eskoletan hainbat bilera egin ziren, Zestoako Udalak martxan jarritako nerabeen parte-hartze prozesuaren baitan. Prozesu honen helburua herriko 12-16 urte bitarteko nerabeen parte-hartzea lantzea izan da; nerabeek herriarekiko dituzten loturak sortu, sendotu, astindu eta eragin nahi izan dira; nerabeak ere herritar aktiboak izateko.

Prozesuaren lehenengo fase hartan, nerabeek euren proposamenak egin zituzten dinamika ezberdinen bidez. Ostiraleko bileran, berriz, Zestoako Udalak proposamen horiek nola ikusten dituen azaldu zitzaien (egingarriak diren, martxan noiz jarriko diren…) eta azkenik, nerabeekin hurrengo pausoak adostu ziren aurrera eramango diren proposamenak nola gauzatu zehaztuz.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide