Albisteak

[ENBIDOA] Baserriko kalekumeak

Fábrica de Hilados y Tejidos de Vergara. 1846an irekia, baina lau mende lehenagotik ziren famatuak hango oihalgileak. San Antonio auzoan jarri zuten fabrika, orain nire lantokia den eskolatik gertu. Mahoizko uniforme eta lan-jantziak egiten zituzten. Indiatik ekartzen zituzten oihalak, eta indigo pigmentu famatuaz tindatzen zituzten. Deba ibaia ere urdinduta jaisten omen zen San Antoniotik. Arropen kolore eta kalitateari esker, markak nazioarteko fama lortu zuen, eta, jatorrizko fabrika haren babesean, ehungintzako beste lantegi mordoxka bat ireki zuten, tartean Tavex ospetsua. Harrotasun puntu batekin kontatu didate lankideek nola mahoi urdinari Bergarako azula esaten zioten. 1970eko hamarkadan, jeansen moda iristearekin, Tavex enpresa prêt-à-porter sektorean inbertitzen hasi zen, baita Levis-Strauss etxeari indigo denim famatua hornitzen ere! Tavex burtsan sartu eta Europako merkatuko lider izan zen. Baina deslokalizazioa ez da gaurko inbentoa, orduan ere bazen; eta Bergarako urdinak Bergarakoa izateari utzi zion. Tavexen Europako egoitza San Antonio auzoan dago oraindik, baina jarduera industrialaren arrastorik ez da.

Markel: Nik ez dakit Bergaran lanik topatuko duzun. Beltz samarra ikusten dut zure etorkizuna han. Hala ere, Bergaratik bertatik bertara daukazu Arrasate, eta han Ternua Group, Euskal Herriko ikur bat. Mendiko zapatilak modan jarri dira, eta han bai; han etorkizun aukera argia ikusten dut zuretzat. Salomon eta New Balance bezalako markekin lehiatuko duen Ternua zapatila, ez litzateke ahuntzaren gauerdiko eztula! Saia zaitezke. Bestela, onena Lixarritxera itzuli eta baserriko lanak egiten ikastea izango dugu. Zu baratzaz arduratu zaitezke, tio Josetxok eta Luixmarik erakutsiko dizute lurra goldeaz lantzen, patata noiz erein, tomateak noiz aldatu… Pazientzia pixka batekin, hartuko diozu. Nik gobernatuko ditut oilo-jende eta aziendak. Txerriak ez ditugu ipiniko, ez zaizkit gustatzen. Behi eta zezenen zalea naiz ni. A, eta ahariren bat izaten badugu, Txitxirripe izena jarriko diogu! Zergatik jakin nahi duenak galdetu diezadala parean aplikatzen garenean, dagoeneko nahikoa luzatu nahiz eta.

Beste Markel batentzat enbidoa, orain. Markel Cabanillas: zu ere kanpoan bizi zara, Bartzelonan. Baina ikusten al duzu zure burua etorkizunean Txapein? Zuen amama Agustinak ere ondo asko sartuko gintuzke arrastoan.

Aitana Etxeberria




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide