Albisteak

Atzo egin zen aurrekontu parte-hartzaileetako proiektuen aurkezpen irekia

Atzo, otsailaren 27an, egin ziren aurrekontu parte hartzaileetarako proposamenenen aurkezpena. Siadeco-ko Juanjo Allur, Irati Peñagarikano, udal teknikaria eta Mikel Arregi, alkatea, izan ziren nagusiki aurkezpenean azalpenak eman zituztenak, beste hainbat zinegotzi, udal teknikari eta herritar bertan zirelarik.

Aurrekontu parte-hartzaileetako prozesua aipatu ondoren, parte-hartzearen inguruko datuak azaldu zituzten. Guztira, 35 proiektu aurkeztu dira eta horietatik udalak pasatako lehen galbahearen ondoren, hemezortzi proiektu dira baldintzak betetzen dituztenak, horietako hiruk ordea, ez zuten aurkezpena egin eta prozesutik kanpo geratuko dira. Beraz, hamabost proiektu izango dira orain udalak balioztatuko dituenak. Hala eta guztiz ere, behin eta berriro adierazi zen saioan zehar, prozesu honetatik kanpo geratutako proposamenak, udalak kontuan izango dituela. Horretaz gain, aurkeztutako proposamen batzuen ezezkoa, jada, beste era batera bideratuak daudelako izan zela jakinarazi zuten.

Herritarrek proposamenak egin zituzten bitartean, Irati Peñagarikanok, banan-banan eman zituen baiezko edo ezezkoaren arrazoiak eta herritarren lehentasunak ere jaso zituen. Mikel Arregik, bere aldetik, proiektuen bideragarritasuna kokatzeko hainbat datu osagarri azaldu zituen.

Orain, udalak hilabeteko epea hartuko du aurrera doazen proposamenen azterketa zehatza egiteko. Horrela, apirilaren 9an, arratsaldeko 19:00etan, bilera irekia egingo da egingarriak diren proiektuen aurkezpena egin eta hurrengo egunean, apirilak 10, bozketa faseari hasiera emango zaio.

Udalak balioztatuko dituen proiektuak:

Aizarna
· Txakurrentzako kaka-lekua prestatu
· Aizarnako frontoiaren itxierarekin jarraitu
· Suteetarako mauka (suhitzaleen mangera) erosi Aizara herrirako

Arroabea

· Arroa beheko frontoian atea ipini, neguko hotzetik babesteko

Arroa Errela

· Iraeta eta Zestoa arteko bide berdeko tuneletan argiak jarri

Zestoako herrigunea

· Bainuetxea – Lau Iturri – Sastarrain – Iraetako bideko argiteria hobetu
· Laranjadi plazan konponketa lanak egin (lurreko arlosak, eserlekuak…)
· Herrian hutsik dauden edo egoera txarrean dauden lorontzietan landare edo lore meliferoak jarri
· Zine Foruma Euskaraz antolatu ahal izateko proiektore egonkor bat eta pantaila handiago bat erosi
· Uztapide plazako haur parkearen bertiztatzeko 2: fasea garatu(*Udalak aztertu egin behar du)
· Jolaserako labirintoa egin, belar eta landareekin egina
· Herri bideak garbitu (*herri bideen inbentarioaren arabera)
· 2-3 erraldoi erosi (* erraldoiak erabiltzeko taldea antolatzeko baldintzarekin)

Iraeta

· Iraetako frontoia itxi
· Iraetako kale argiztapena hobetu




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide