Albisteak

Belaunaldi-erreleborako dirulaguntzak jarri ditu martxan Udalak

Zestoako Udalak tokiko merkataritza, ostalaritza eta gainerako hurbileko zerbitzuen belaunaldi-erreleboa sustatzeko dirulaguntza deialdia onartu du. Helburua herrian funtzionatzen duten negozio bideragarriek jarduerari eutsi ahal izatea da, erretiroa edo bestelako arrazoien ondorioz titularra aldatzen denean.

Dirulaguntzak Zestoako merkataritza, ostalaritza eta herritarrentzako zerbitzuak mantentzea bilatzen du, jarduera ekonomiko txikien jarraipena erraztuz. Onuradunak izan daitezke negozioaren lekukoa hartzen duten autonomoak, enpresak edo ondasun-erkidegoak, betiere oinarrietan ezarritako baldintzak betetzen badituzte. Besteak beste, negozioak gutxienez hamar urteko ibilbidea izan beharko du eta jarduerari gutxienez bi urtez eutsi beharko zaio.

Dirulaguntzaren oinarrizko zenbatekoa 6.000 eurokoa izango da, eta 1.000 euroko osagarri bana aurreikusten da landa-eremu edo auzoetan kokatutako negozioentzat eta irabazi-asmorik gabeko erakunde batek erreleboa hartzen badu. Laguntzek, besteak beste, lokalaren alokairua edo erosketa, egokitze-lanak, makineria, altzariak, publizitatea eta autonomoen kuotak estali ahal izango dituzte.

Eskabideak urriaren 30era arte aurkeztu ahal izango dira, eta dirulaguntzak 2026ko urtarrilaren 1etik urriaren 30era bitarte formalizatutako belaunaldi-erreleboei aplikatuko zaizkie. Eskaerak aurkezteko hurrenkera kontuan hartuko da, aurrekontua agortu arte.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide