Albisteak

Bihar Odol Emaileen Nazioarteko Eguna dela eta Zestoako emaileak plazan elkartuko dira

Bihar, ekainak 14, Odol Emaileen Nazioarteko Eguna dela eta, Zestoako emaileek odol emaileen mahaia jarriko dute arratsaldeko, 18:30etik 21:00era, plazan, herriko emaileei eskerrak emateko eta emaile berriak erakartzeko.

Mahaiaren helburua informazioa ematea eta odola emateari buruzko zalantzak dituztenei galderak erantzuteko gune bat sortzea izango da. Gainera, odol emailearen eguneko pankarta eskegiko da udaletxean.

Parte-hartzea sustatzeko lehiaketa bat antolatuko da informazio-mahaira hurbiltzen direnen artean. Sariak egongo dira parte hartzaileentzat, eta, horrela, lankidetza eta konpromisoa sustatuko dira odola emateko orduan.

Zestoako Odol Emaileen Elkarteak, herritarrei, eskerrik beroenak helarazi nahi dizkie egindako ekarpen eskuzabalagatik eta etengabeko laguntzagatik. Haien esanetan, Zestoako emaileen konpromisoa eta ontasuna funtsezkoak dira bizitzak salbatzeko eta pertsona askoren osasuna hobetzeko. Izan ere, odola ematen den bakoitzean, itxaropena eta bigarren aukera bat ematen zaie gehien behar dutenei. Gainera, elkarteak dioenez, horrelako eskuzabaltasun-ekintzak berehalako inpaktua izateaz gain, beste batzuentzat ere eredugarriak dira. Orain fokoa gazteengan jarri behar dela uste dute, horiek direlako egitasmo honi jarraipena emango diotenak eta.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide