Danbolin (apirileko alea) BOTA Librean (Amaiur Aristi Arregi) Zestoako krosari buruz, erantzuna

  • Egia da gaztetxoen lasterketetan neskek eta mutilek bananduta korritzen dutela. Gai hau antolatzaileon artean askotan eztabaidatu dugu eta zuk egiten duzun arrazonamendu bera egiten dugu. Alde batetik badirudi berdintasuna lortzeko hoberena denak nahasian korritzea dela baina aldi berean horrela neskek protagonismoa galtzen dute eta ez luke hala behar. Ziur nago urteetan zehar beste zenbait aldaketa egin ditugunean bezala horrelakoan ere norbait kexatuko litzatekeela. Bestalde, xehetasunetan sartu gabe gogoratu nahi nuke beste kirol gehienetan emakumeen diskriminazioa handiagoa dela…
  • Helduen lasterketari dagokionez, azken urteotan aldaketak egin dira. Lehen, gizonezkoek eta emakumezkoek distantzia desberdinak korritzen zituzten (emakumeek motzagoa). Orduan emakumeek gizonezkoen distantzia bera korritzea eskatzen zuten. Horrela, bi distantziak mantentzea erabaki genuen, bat motza eta bestea luzea baina bai emakume eta bai gizonezkoentzat (gizonezkoek ere lasterketa motza egiteko “eskubidea” dutelako). Lasterketa motza egitearen arrazoia partaidetza bultzatzea da, bereziki emakumezkoena baina baita gizonezkoena ere.
  • Antolatzaileei buruz diozunaz berriz, sari banaketan emakumezkoak (udaletxeko ordezkariak) eta gizonezkoak ere baziren. Helmuga antolatzen emakumeak baziren, haien artean bat idazten duen hau eta izen emateko mahaietan emakume nahiz gizonezkoak zeuden, gaztetxoen gurasoak gehienak. Zestoako kroseko koordinatzaile nagusia emakumea da. Agerian ez egoteak ez du esan nahi ez gaudenik eta ardura posturik ez dugunik!
  • Xehetasun hauek emanez esan nahi duguna da ez dela zuzena idatzitako guztia. Horrelakoetan alde desberdinen iritzi eta arrazonamenduak entzutea aberasgarria izaten da. Gu, Atletismo Taldekook gai hauetaz hitz egiteko prest gaude beti.
  • Dena dela, ados nago emakumearen presentziak handiagoa behar duela esatean. Atletismo taldekook gustura hartuko genuke bai emakume eta bai gizonezkoen partaidetza handiagoa. Nahi duten emakume guztiak gonbidatuta daude antolakuntzan parte hartzera, xentimorik kobratu gabe, noski!

Zestoako Atletismo Taldea




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide

Iruzkin bat

  1. Amaiur 2016-05-19 at 12:25 pm

    Nik uste dut Atletismo taldeak ez duela behar bezala interpretatu nire artikulua. Aitortu beharra daukat, Atletismo taldearen erantzunak kezka handia sortu didala. Zer pentsatu handia ematen didate gai honen inguruan sortzen diren talkek. Oraindik zenbat gauza aldatu beharra dagoen, praktikan eta gure buruetan… Artikuluaren helburu bakarra, gizarteko errealitate bat, arazo bat mahai gainera ateratzea izan da kroseko adibidea erabiliz. Kroseko adibidea erabili dut baina tabernetako, parketako, ikastetxetako, edozein kiroletako.. adibidea erabili nezakeen. Kasu guztietan berdina ikusiko baitzen, gure gizartea horrelakoa baita, horrela jokatzen dugu.

    Artikuluari, “Krosa, adibide txiki bat baino ez” izenburua ipini nion eta artikuluaren bukaeran honakoa diot: “Ez naiz ari inori kargu hartzen. Besterik gabe, begiak ireki behar ditugu. Onartu emakumeak eta gizonezkoak ez direla berdin tratatzen, ez dela gauza bera espero batengandik eta bestearengandik, paper ezberdinak hartzen ditugula …”. Horrela uste nuen ongi ulertuko zela nire asmoa baina badirudi gaizki-ulerturako bidea eman duela.

    Nik ez dut inongo momentutan Atletismo taldearen lana edo antolakuntza kritikatzen. Besterik gabe, krosa adibide modura hartuz, gizarteko arazo bat plazaratu nahi nuen. Gizarte honetan garbia da gizonezkoek eta emakumezkoek paper ezberdinak hartzen ditugula eta krosean ere bai. Oso barneratuta dugun zerbait da. Ni naiz lehenengoa, petoa jantzi eta bizikleta hartzea baino sariak banatzeko lana errazago hartuko nukeena. Orokorrean emakumezkoek lan batzuk hartzen ditugu eta gizonezkoek beste batzuk. Eta krosean, beste edozein lekutan ikusten dudan bezala, hala ikusi nuen. Adibide argia iruditu zitzaidan errealitatea erakusteko. Gauza asko daudela aldatzeko iruditzen zait, baina ez da Zestoako Atletismo taldearen erantzukizuna. Gizartean eman behar dira aldaketak eta ez dira egun batetik bestera emango. Pixkanaka, gizartea aldatzen doan bezala, joango gara eta ari gara krosean (edo beste edozein kasutan) aldaketak ikusten.

IRUZKINDU

Zure helbide elektronikoa ez da publiko egingo. *

Danbolin ez da hemen emandako iritzien kargu egiten.

Ez da irainik onartuko.

Danbolineko lan-taldeak, beharrezkoa izanez gero, edukiak ezabatzeko eskubidea du.