Paperekoa
[ZUTABEA] Oraindik ez da berandu… ala bai?
— 2025-05-20Martxoaren hasieran irakurri nuen albistea, eta datua oso esanguratsua da: “Iaz Euskal Herri osoko zinema-areto komertzialetan 900 pelikula inguru estreinatu ziren. Euskaraz, jatorriz edo bikoiztuta, 16 baino ez: 14 Hegoaldean, eta Iparraldean, bi baino ez. Beraz, ez dira %1,6ra ere iristen”. Hutsaren hurrengoa, alegia.
Horren harira, Pantailak Euskaraz eta Hizkuntza Eskubideen Behatokia elkarteek baliabide gehiago eskatu dituzte euskarazko produkziora, bikoizketara eta azpitituluetara bideratuak.
Ispilura begira jarri naiz. Euskaraz bizi naiz. Etxean, kaleko harremanetan, lanean, ia %100 euskaraz. Idazten dudana (orain bezala), euskaraz. Irakurtzen dudana, erdia pasa gure hizkuntzan. Entzuten dudan musika, ez dut neurketa zientifikorik egin, baina erdia gutxi gorabehera euskaraz izango da. Ikusten ditudan filmetan, ordea, grafikoa erabat aldatzen da. Euskaraz ekoitziak direnak, noski, euskaraz, baina hortik aurrera, ezer gutxi, egia esan. Esan nezake, ez dagoelako dela hori. Eta hala da. Baina gertatu izan zait, segida luzeko film sorta bat ikusterakoan, gazteleraz ikusi aurrenekoak, eta gero euskaraz bat egonda ere, gazteleraz ikustea. Pertsonaien ahotsetara ohitu egiten naiz (uste dut ez naizela bakarra). Gogoan dut hala gertatu izana esaterako Harry Potter ikusterakoan. Apur bat lasaitzen nau kontrara ere hala gertatzeak: ez dut jasaten Dragoi Bola gazteleraz, Songokuren ahotsa euskarazkoa da!
Beraz, ondorioa, ez dakit zenbateraino zientifikoa hau ere, ohitura dela gakoa. Eta ohitzeko, noski, aukera behar dela. Aukera zabala egotea euskaraz, eta guk euskara aukeratzea. Irabazten zaila den gerra dirudi. Gure etxeetan leihoak zabal-zabalik dituzte batik bat gaztelerak eta ingelesak, Netflix, Disney, Movistar… eta beste guztietatik. Eta euskarazkoa zirrikitu txikietatik baino ez zaigu sartzen.
Beraz, bai, eska ditzagun baliabide eta aukera gehiago euskararentzat, noski, baina guregan ere jar dezagun begirada. Eta ez naiz zuei ari, edo beste era batera esanda, zuei ari naizen bitartean batez ere neure buruari ari naiz. Askotan esfortzua da pantaila aurrean euskaraz jartzea, eta egungo (eta hemendik aurrerako) bizitzan/aisian pantailek (zoritxarrez edo zorionez, hori bakoitzak hausnar dezala) toki asko hartzen dute. Ez da berandu izango euskararentzat, ezta?
Kepa Iribar
Egin zaitez bazkide