Albisteak
Datorren astelehenean, abuztuak 3, irekiko dute eguneko zentroa
— 2020-07-28Datorren astelehenean, abuztuaren 3an, irekiko ditu ateak Zestoako eguneko zentroak. Eusko Jaurlaritzak eguneko zentroak ixtea, egoilarrien bisitak mugatzea eta sarrera-irteerak murriztea erabaki zuen pasa den uztailaren 18an. Inguruko herrietan koronabirus kasuek gora egiten zutela ikusita eta birusa egoitzan sartuz gero arriskua “ikaragarria” litzatekela jakinda, Zestoako San Juan egoitzak ateak itxi zituen. Kanpoko bisitarik ez onartzea eta egoilarrien irteerak bertan behera gelditzeko erabakia hartu zuten.
Pixkanaka, egoerak hobera egin du eta Gipuzkoako Foru Aldundiak neurriak arintzea erabaki du. Egoiliar bakoitzak bi pertsonen bisita jaso ahal izango du eta Zestoako San Juan egoitzako egoiliarrak, gutxinaka bada era, hasi dira lehen bisitariak jasotzen. Eguneko zentroek, baina, beste aste batez itxita jarraitzea ebatzi du Foru Aldundiak eta, beraz, datorren astelehenean, abuztuak 3, irekiko ditu ateak Zestoako eguneko zentroak.
Oraindik egiteko bide luzea dagoela adierazi dute San Juan Fundazioko kideek. Elkar zaintzeko ordua da eta pertsona zaurgarrienek guztion esfortzua merezi dutela azpimarratu nahi izan dute.
Argazkia: Zestoako San Juan Fundazioa
Egin zaitez bazkide