Albisteak

“Denontzako Festak” egitasmoa jarriko dute martxan, festa inklusiboago batzuen alde

Zestoako Zaintza Sareak, Festa Batzordearekin eta Zestoako Udalarekin elkarlanean, Denontzako Festak egitasmoa sortu du, aurtengo Zestoako festak inklusiboagoak izan daitezen.

Egitasmoa herriko jaiek pertsona guztiei modu berean parte hartzeko eta gozatzeko aukera ematen ote dieten kezkatik abiatu da. Parte hartzeko zailtasunen atzean hainbat arrazoi egon daitezkeela azaldu dute, baina sarritan “gaitasun fisiko, kognitibo zein sentsorialei lotutako oztopoak” izaten direla nabarmendu dute, horietako asko “ekidingarriak” izanik.

Kezka horretatik abiatuta, gogoeta prozesu kolektibo bat egin dute herrian, oztopo gehien izan ditzaketen komunitateko hainbat pertsona eta talderen kezkak eta beharrak entzun, eta horiei erantzuteko asmoz. Prozesu honen emaitza asteburu honetan eta amabirjinetan martxan jarriko diren hainbat neurri dira.

Egitasmoaren atzean dagoen taldeak adierazi du, gainera, aurtengoa abiapuntu bat izatea nahi dutela, datozen urteetan ere festa inklusibo eta seguruagoen aldeko bidean urratsak egiten jarraitzeko.

Guztira, bost moldaketa edo ekimen izango dira: gune lasaia, lehentasunezko eremua, komun irisgarriak, piktogramadun kartak eta musikarik gabeko tartea barraketan.

Gune lasaia

Gune lasaiaren helburua hala behar dutenei festen erdigunean espazio lasai eta eroso bat eskaintzea izango da. Horretarako, Zestoako Udal Liburutegia erabiliko da.

Zaratarekin edo jende pilaketarekin zailtasunak dituzten pertsonei nahiz krisiren bat dutenei zuzendutako espazioa izango da, baita une jakin batean leku lasai, garbi eta eroso bat behar duen edonorentzat ere. Espazio hori, ordea, ez da izango udal liburutegiko haurren txokoaren ohiko erabilera egiteko, ezta bertan denbora-pasa egoteko ere.

Honako ordutegia izango du:

  • Irailak 5, larunbata: 11:30-14:30 eta 15:30-21:00.
  • Irailak 6, igandea: 18:30-20:30.
  • Irailak 7, astelehena: 11:30-14:30.
  • Irailak 8, asteartea: 11:30-14:30 eta 18:30-20:30.

Lehentasunezko eremua

Laranjadi plazan egingo diren kontzertu eta ekitaldietan erreserbatutako espazioa izango da. Plazako iturriaren atzeko hormaren eta udal eraikinaren artean dagoen korridorean kokatuko dute. Irisgarria izango da, jende pilaketarik gabea, eta eserita egoteko aukera ere eskainiko duena.

Honako ordutegia izango du:

  • Abuztuak 29, larunbata: 22:00etatik aurrera.
  • Irailak 5, larunbata: 22:00etatik aurrera.
  • Irailak 6, igandea: 23:00etatik aurrera.
  • Irailak 7, astelehena: 22:30etik aurrera.
  • Irailak 8, asteartea: 22:00etatik aurrera.

Komun irisgarriak

Komun irisgarriak dituzten tabernetan hori adierazteko ikurra duten kartelak jarriko dituzte. Horrez gain, Liburutegiko Gune Lasaiaren barruan dagoen komuna ere erabilgarri izango behar duenarentza da hura irekita dagoen ordutegian, baina komun hau ez da erabilera publiko orokorrerako izango.

Piktogramadun kartak

Taberna eta txosnetan piktogramadun kartak jarriko dituzte, informazioa pertsona guztiek ulertzeko moduan eskaintzeko. Irudi bidezko kartak izango dira, eskaerak egiten laguntzeko helburuarekin. Piktogramadun kartak dituzten tabernek kanpoaldean hori adierazteko ikurra jarriko dute.

Musikarik gabeko tartea barraketan

Azkenik, musika bolumen altuan dagoenean barraketan ibiltzeko zailtasunak dituzten pertsonek ere haietaz gozatzeko aukera izan dezaten, 16:30etik 17:30era musikarik gabeko tartea izango da.






Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide