Albisteak

Duela 12.000 urte grabatutako Torreko Hodia pieza ikusgai dago Ekainberrin

Torreko Hodiaren bi erreplikak, eta grabatuak antzemateko plaka. (Gipuzkoako Foru Aldundia)

Ekainberrik Torreko Hodia. 12.000 urteko galdera izeneko aldi baterako erakusketa zabaldu du. Haren bidez, Goi Paleolitoko arte higigarriaren pieza esanguratsuenetako bat ezagutzeko aukera izango dute bisitariek, aurkikuntzaren 60. urteurrena dela eta. Erakusketa abenduaren amaierara arte egongo da zabalik.

Atzo aurkeztu zuten erakusketa erakundeetako nahiz Ekainberriko ordezkariek. Ekitaldian izan ziren Goizane Alvarez Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura diputatua, Mikel Arregi Zestoako alkatea, Sonia San Jose Gordailuko arkeologoak zein erakusketaren edukien arduradunak, Juanjo Aranburu Ekainberriko zuzendaria, Asier Erostarbe Torreko Hodia ikertu duen arkeologoa eta Begiris elkarteko ordezkaria.

Torreko Hodia

21 zentimetro luzeko zanga hegaztiaren hezurrez egindako hodi naturala da Torreko Hodia. Duela 12.000 urte inguru apaindu zuten animalien irudiak, giza irudi bat eta hainbat zeinu irudikatzen dituzten grabatuekin. Apainduraren aberastasunagatik eta kontserbazio egoera onagatik, Madeleine aldiaren edo Goi Paleolitoaren bukaerako adierazpen artistiko garrantzitsuenetariko bat dela ondorioztatu dute. 1991n, Ignacio Barandiaran doktoreak Torreko Hodiaren grabatuak eta haiei buruzko ikerketa argitaratu zituen lehen aldiz. Harrezkero, pieza Gordailuan egon da, eta Asier Erostarbe arkeologoak bere doktorego tesia egiteko aztertu zuen.

Erakusketaren bidez, pieza horren historia, ezaugarriak eta ikerketa zientifikoa ezagutu ahal izango dituzte bisitariek. Zehazki, Torreko Hodia zer den, zer irudi dituen, irudi horiek nola grabatu zituzten eta garaiko gizakiek zertarako erabili ote zuten azalduko dute.

Erakusketa irisgarria

Erakusketaren alderdirik nabarmenenetako bat itsuentzat eta ikusmen urritasuna duten pertsonentzat irisgarri egiteko egindako lana da. Begiris elkartearen laguntzarekin, Torreko Hodiaren benetako tamainako erreplika bat, grabatuak ukimenaren bidez hautematea errazten duen plaka bat eta erliebe handiko erreprodukzio handitu bat prestatu dituzte. Azken horri esker, jatorrizko piezan ia hautemanezinak diren xehetasunak ere antzeman daitezke.

Publiko orokorrarentzako zabalik

Ekainberri museora joaten den orok izango du erakusketa bisitatzeko aukera. Gainera, ostiraletan 17:00etatik 19:00etara doan izango da erakusketarako sarrera, baina aldez aurretik Ekainberriren webgunean erreserba egitea nahitaezkoa izango da. Irailaren 4ra arte, ostiralero doako bisita laburrak ere eskainiko dituzte: 17:15ean gaztelaniaz eta 17:45ean euskaraz. Horietan parte hartu nahi dutenek info@ekainberri.com helbidera idatzi edo 943 86 88 11 telefono zenbakira deitu beharko dute.

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide