Albisteak
EH Bildu Zestoa: “Herri hobe baten bidean, etorkizuneko bide-orria marraztu genuen Sastarrainen”
— 2016-01-14Zestoako EH Bilduko kideak Sastarrain Baserri Eskolan elkartu ziren urtarrilaren 3an “hausnarketa saio bat” egiteko helburuarekin. Han bildutakoak laburbilduz, koalizioko kidek honako ohar hau kaleratu dute:
Iragan urtarrilaren 3an berrogeita hamarren bat lagun elkartu ginen Sastarrainen, EH Bilduren deialdiari erantzunez, egun osoko hausnarketa saioa burutzeko. Helburua, oposizioan emango ditugun urte hauei begira lehentasunezko lan-ildoak finkatzea.
Esan dezakegu aurrez zehaztutako helburuak bete genituela, hots, Zestoa hobe baten bidean etorkizunera begirako bide-orri bat marraztu genuela. Udal Gobernuaren noraezaren aurrean, EH Bildutik aldarrikatzen dugu zestoarrentzat proiektu bat daukagula. Oposizio eraikitzailea egingo dugu beraz, proposamenetan oinarritua.
Hiru lirateke lehentasunezko lan-ildoak: sozioekonomia, ingurumena eta kultura. Herriko garapen ekonomikoa bultzatuko dugu, prekaritatea edo langabezia bezalako arazoei irtenbide bat emate aldera. Bestalde, gazteentzako alokairu sozialaren aldeko apustua egiten dugu. Ingurumenari dagokionez, hondakinek aferak kezkatzen gaitu batik bat. Egungo sistema bilketa mantendu ez ezik, berau hobetu eta materia organikoa Zestoan bertan kudeatzeko saiakera egingo dugu. Bidegorri sarearen amaiera edo herriko energia kontsumoaren gaineko gogoeta egitea ere lehentasunen artean kokatzen ditugu. Eta kulturari dagokionez, berriz, kultur taldeen arteko koordinazioa bultzatuko dugu kultur-agenda indartsu bat osatze aldera, eta Elizondo zinema kultur-areto bilakatu dadin lan egingo dugu. Hirigintza arloan ere badugu proposamenik: GI-631 errepideak herria gururatzen duen eremuan sahiesbidea egiteko ahaleginak egingo ditugu.
Hau guztia bi norabidetan landuko dugu: udaletik eta herritarrekin. Egungo sistema politikoak ahalbidetzen dizkigun tresnak baliatuko ditugu Zestoaren eraldaketaren bidean, baina instituzioetan egiten den lana ezerezean geratuko litzateke hori sostengatuko lukeen herritar sarerik ez balego. Zestoarren ahalduntzean sinesten dugu, beraz, dei egiten diegu zestoarri aipatu eremuetan aktiba daitezen, etorkizuneko Zestoa hobe baten alde lan egin dezaten. Ahalduntzearen ideian sakonduz, Sastarrainen garatu genuen ariketa errepikatzeko asmoa adierazi nahi dugu, Zestoaren etorkizuna marrazteko orduan herritar orok ahotsa izan behar duela uste baitugu.
Egin zaitez bazkide
IRUZKINDU