Albisteak
ELA sindikatuari erantzuteko oharra kaleratu du Udalak
— 2022-08-16ELA sindikatuak Zestoako alkatearen eta hainbat herritarren aurka jarritako salaketaren inguruko azalpenak emateko oharra kaleratu du gaur goizean. Zestoako Udalak adierazpen horiei erantzuteko oharra plazaratu berri du.
Hona hemen Udalaren oharra:
“Zestoako Udala langileen greba eskubidea urratzen ari dela esatea ez da egia, eta erakunde publiko bati horrelakoak leporatu aurretik, ELA sindikatuari hobeto informatzeko erregutzen diogu. Izan ere, gaur da eguna oraindik ELA sindikatuak udalari edo alkateari informaziorik eskatu ez diona.
Besteak beste, Buruzuri Elkarteko kideak zezen plaza muntatzen ari direla esatean oinarritzen da ELAren salaketa eta elkarteko boluntarioak plaza muntatzen ari direla esatea ere ez da egia. Plaza udal brigadako langileak ari dira muntatzen.
Buruzuri Elkarteko kideak, udalarekin daukaten hitzarmenean jasota dagoen bezala, ukuiluaren muntaian kolaboratzen dute. Izan ere, zezenak elikatu, azpiak jarri eta gainontzeko lanak azken urteetan elkarteko boluntarioek egin izan dituzte eta aurreko urteetan ere hainbat kideri, aurten bezala, udalak asegurua egin izan die.
Honela dio hitzez hitz hitzarmenak: “…boluntario taldeak ahal izango du ukuiluaren antolaketa lanetan (instalazioen muntaketa, azpigarriak jarri, ur-hartuneen muntaketa, aireztapenaren kontrola…) parte hartu.” Bestalde, Buruzuri elkarteko kideek boluntario gisa eginiko lana, plazaren muntaketa osoaren %1era ere ez da iristen eta ondorioz, jasotako salaketa ez da serioa.
Bide batez, besteei hausnarketa eskatu aurretik norberak ere ariketa bera egitea izan ohi da gomendagarriena. Interes sindikal soil bat interes publiko eta orokorraren gainetik jartzea onartezina da eta afiliazio orri batzuen truke greba eskubidea sindikatu batek horrela erabiltzeak ez du izenik; udal langileen gehiengoa aintzat hartu gabe, mahai negoziatzailea osatu aurretik eta langileen batzarrik ere egin gabe gutxiengo bat grebara eramatea arduragabekeria hutsa da eta greba, borroka tresna bezala, erabat gutxietsita gelditu da.
Zestoako Udalak, interes partikularrak alboratuz, langile guztien baldintza kolektiboak ikuspegi publiko batetik lantzen jarraituko du.”
Zestoako Udala
Egin zaitez bazkide