Albisteak
[ELKARRIZKETA] J Martina: “Miresten ditugun taldeekin jotzeko aukera izango dugu eta gogotsu gaude”
— 2022-10-31Kattalin eta Ane Barcenak eta Javier Jorajuriak osatzen dute J Martina hirukotea. Doinu elektronikoak dira nagusi beraien abestietan. Arrakasta bikain izaten ari dira, eta han eta hemen kontzertuak ematen dabiltza azken hilabeteetan. Larunbat honetan, Zestoan izango dira, Gure Bazterrak Fest jaialdian. Ane Barcenarekin taldearen bilakaerari buruz hitz egin dugu.
Zer da J Martina?
Javi Kattalin eta Ane hirurok osatzen dugun talde bat da, doinu elektronikoen bidez musika egiten duen talde bat. Ez naiz ausartzen esatera zein genero musikal abesten dugun, uste dut kanta batetik bestera asko aldatzen dugula estiloa. Ezjakintasunetik hasi zen hirukotea gara, musika oinarri elektronikoen bidez musika egiten hasi zena. Eta horretan jarraitzen dugu
Noiz hasi zineten?
2019 amaieran hasi ginen batzen. Konfinamenduan bertan 2020ko martxoa aldera argitaratu genuen gure lehen lana sareetan, eta urte horretan hasi ginen kanpora begira gauzak egiten. Hasieran singleak bakarka argitaratzen hasi ginen kanta bakoitza bere bideokliparekin eta bere zentzuarekin. Apur bat esperimentatzen, probatu nahi genuen, eta kanta desberdinak publikatzen joan.
Nola egin zenuten prozesua?
Dena guk egin genuen. Javi produkzio lanetan badabil, eta mundu horretan badu ezagutza bat. Berarekin eta inguruan ditugun ezagun eta lagunekin lortu genuen grabatzea, produzitzea, nahastea… Kantu bat grabatzeko behar duzun guztia gure kabuz lortu genuen.
Eta harrera bikaina izan zenuten. Espero al zenuten?
Hasieran harritu egin ginen, nahiko harrera ona izan genuen. Zalantzak izan genituen aurreneko abestia argitaratzerako orduan, ez zelako asko entzuten zen doinu bat. Ez genekien jendeak nola hartuko zuen, baina gure proposamena oso argi geneukan eta aurrera egin genuen.
Pixkanaka jende gehiagorengana heltzen joan gara eta aurtengo uda horren adierazlea izan da. Leku askotan jo dugu, eta jendea oso entregatuta egon da, publiko oso ona izan dugu. Sekulakoa da hainbeste jende gure kantak abesten ikustea.
Zein da zuen publikoa?
Nik uste dut denetarik dagoela. Gehiengoa jende gaztea da 18eta 30 urte bitartekoak. Askotan umeak etortzen dira soinu frogetara eskolan gure abestiak lantzen dituztela gure musika gogoko dutela esanaz.
Ohikoak ez diren doinuak dira zuenak.
Bai, guk hasieratik autotunearen aldeko apustua egin genuen. Musika urbanoan erabiltzen beste tresna bat da, eta guk argi geneukan erabili nahi genuela. Ez genion garrantzi gehiegi eman horri. Askotan egia da jendeari harritzen diola autotuneak, ez daudelako ohituta efektu hori entzutera baina egia esan jendartean harrera ona izan du.
Uda amaituta, zer duzue esku artean?
Urtea amaitu arte jarraituko dugu kontzertu batzuk ematen. Datorren urterako, ordea, proposamen desberdin bat dugu. Etenaldi txiki bat izango dugu gauza berriak sortzeko eta otsailetik aurrera oraindik esan ezin dudan gauza bat aurkeztuko dugu. Abenduan eta urtarrilean etenaldi txiki bat, eta gero proiektu berria.
Larunbatean hitzordu berezia duzue Zestoan.
Bai, aurreneko aldiz egongo gara Zestoan. Miresten ditugun taldeekin jotzeko aukera izango dugu eta gogotsu gaude. Proposamen oso interesgarria iruditzen zaigu eta bertan jotzea pozgarria da guretzat.
Egin zaitez bazkide