Albisteak

[ELKARRIZKETA] “Lehen fasea gainditzea zen hasierako helburua, eta orain, finalerdietan gaudela sinestea ere kosta egiten zaigu”

Aste osoan zehar arnasten da tentsioa eta ilusioa herrian. Ez da gutxiagorako, 43 urte igaro baitira azken aldiz Gipuzkoako Herriarteko Txapelketako finalerdietara iritsi zirenetik zestoarrak. Ostiraleko partidari begira daude buru-belarri pilotariak, urduritasuna ezkutatzen saiatu arren, emozioz gainezka. Oiartzun izango dute aurkari eta etxean hasiko dute kanporaketa bihar, ostiralez, arratsaldeko 18:00etan.

Entrenamendu giroan murgildu gara aste honetan, azken prestaketak egiten ari ziren bitartean. Ez ziren guztiak bertan, batzuk beste hitzordu batzuetan baitzeuden, baina bertan zeuden, besteak beste, kadete mailako Julen Urrestilla, jubeniletako Aiert Uria eta nagusien mailako Xabat Sasiain, denak Jon Alberdi entrenatzailearen gidaritzapean. Haiengana hurbildu gara, lorpen honen atzean zer sentimendu eta gogo dituzten jakiteko.

Pilotaz haratago

Taldekideek argi dute, gustura aritzen dira pilotan, eta askotan, eguneroko errutinatik deskonektatzeko balio izaten die. “Egia da denbora asko kentzen digula, bai entrenamenduek, bai partidek, baina gustukoari beti egiten zaio tarte bat” adierazi dute.

Asteburu eta aste tarteko jarduna ez da makala. Entrenamenduez gain, batzuetan bi partida edo gehiago izaten dituzte, eta horrek neke fisiko handia dakar. “Eskuetako mina ere maiz izaten dugu” azaldu dute hiru pilotariek.

Taldekide batzuk, pilota beste diziplina batzuekin uztartzen dute. Entrenamenduan falta ziren Oier Alonso eta Julen Odriozola futbolean ere aritzen dira, eta Urrestillak, berriz, dantzan aritzen dela kontatu du. “Gustuko dudanez, beti ateratzen dut tarte bat dena egiteko” dio.

Ezkutuko lanak

Kantxan pilotariak nabarmentzen badira ere, haien atzean badira isilpeko lana egiten dutenak. Hainbat herritar boluntario gisa aritzen dira, beren borondate onenarekin laguntzen, eta guztien aitortza merezi dutela aipatu dute.

“Gu kantxara ateratzen gara, baina gu hor egon ahal izateko, batzuk ezkutuko lana egiten dute”, azaldu du Xabat Sasiainek. Hirurak bat etorri dira adierazpen horrekin, eta azpimarratu dute esfortzu handia eskatzen duela partida bat noiz eta non jarriko den adosteak, beste klubetako arduradunekin harremanetan egon eta antolakuntza osoa koordinatzeak. “Oso eskertuta gaude, bai herriaren alde, baita pilota eskolaren alde egiten duten guztiagatik”, adierazi du Uriak.

Herriartekoan, pausoz pauso

Hasiera batean, helburua xumea zela aipatu dute, “lehen fasea gainditzea zen hasierako helburua, eta orain, finalerdietan gaudela sinestea ere kosta egiten zaigu”. Partida bakoitza irabaziz joan dira, pausoz pauso, eta, nahiz eta itxaropen txiki bat beti egon, ez zuten espero hain urrun iritsiko zirenik. Egindako ibilbidea harrotasunez gogoratzen dute.

Orokorrean, txapelketa polita egiten ari direla uste dute, bakoitzak bere mailan ahal duen guztia eman du. Herriarteko Txapelketak badu kutsu berezi bat, “beste txapelketetan kluba ordezkatzen dugu, baina honetan herria ordezkatzea tokatzen zaigu, eta hori ohore handia da guretzat”.

Txapelketak, beraz, xarma berezia duela diote, eta pilotalekuko giroan ere nabaritzen dela, “herritarren babesa bereziki sentitu dugu azken asteetan”. Txapelketak aurrera egin ahala, gero eta gehiago dira kalean gelditzen direnak zorionak emateko, eta hori, euren hitzetan, motibazio iturri handia da.

Ostiraleko erronka

Finalerdietako kanporaketa ez da nolanahikoa izango. Aurrean Oiartzun izango dute, iazko txapelduna eta aurtengo faboritoa. Badakite talde gogorra dela, baina ez dute amore emateko asmorik. “Beraiek oso gogorrak dira, baina gu ere ez gara gutxiago” adierazi dute.

Taldean gogoak pil-pilean daude, eta ilusioa nabaria da. “Gogoz gaude, eta ahal dugun guztia emango dugu irabazteko”, azaldu dute baikortasunez.

Porren inguruko galderari, umorez baina zuhurtziaz erantzun diote: “2-1 irabaztea… hori firmatuko genuke”.

Herritarren babesa, ezinbesteko

Herriarentzat egun handia izango da ostiralekoa, eta taldekoek argi dute: “frontoia jendez beteta egotea funtsezkoa izango da”. Horregatik, pilotalekura gerturatzeko deia luzatu die herritar guztiei.

Jon Alberdi, gidari

Taldearen entrenatzailea, Jon Alberdi, ilusioz agertu da. “Izugarrizko poza ematen dit lorpen honek. Talde polita osatu dugu, eta pilotarien artean giro aparta dago. Guztiek gogor egiten dute lan, eta gustura ari dira, hori nabarmena da” azaldu du Alberdik.

Bidearen zailtasunaz ere hitz egin du, kanporaketa guztiak oso lehiatuak izan baitira. “Ez dugu inor nagusitasunez garaitu. Emaitzak justuak izan dira beti: 4-2, 3-3… eta horrek agerian uzten du taldeak zenbat borrokatu duen”.

Orain aurrean aurkari handia dute. “Ez da erronka makala, baina guk geure onena emango dugu eta ea susto txiki bat emateko gai garen” dio.

Zestoako pilotaren etorkizunaz baikor

Zestoako pilotaren egoeraz galdetuta, Alberdi baikor agertu da. “Ondo ikusten dut. Jende asko dabil pilota eskolan, eta hori pozgarria da. Egia da, futbola hasten denean infantiletan parte-hartzea zertxobait jaisten dela, baina oraingoz talde politak ditugu”.

Azken urteetako fitxa kopuru handiena izan dutela nabarmendu du, eta horrek baikortasunerako arrazoiak ematen dizkio, “pilotariak txapelketetan parte hartzeko prest daude, eta hori seinale ona da”.

Azkenik, nesken parte-hartzea azpimarratu du, “gaur egun egoera asko aldatu da. Mutilak ez ezik, neska ugari ari dira lehiatzen maila bikainean. Ea denek aurrera jarraitzen duten, eta kirol hau gustuko dutenek ibilbide polita eraikitzen duten”.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide