Urria 2025
— 2025-11-06Irakurri 275. zenbakia hemen.

Isilik goaz. Gu hirurok eta beste ia 400 lagun. Katxarro erraldoi batek garamatza airean, AIRBUS 350-900 du izena. Mutu goaz, baina ‘enbidoa’ jo dit zestoartutako azpeitiarrak; euki Arrue!
Familia eta lagunen jiran pasa ditugu oporrak. Orain itzulera, inork gutxik ezagutzen gaituen lekura. Ederra ere bada sentsazioa. Gu hartu gaituen Amerikako ertz honetan beste patxada bat deskubritu dut. Beste bake bat.
Esango nuke bakarra naizela abioitzar honetan, iritsiko garen edo ez, duda duena. Zortzi orduz, 12000 metrotan hegan. Gero eta gutxiago gustatzen zait hegazkinez bidaiatzea. Han behean dena urdina ikusten da. Atlantikoa ez da amaitzen. Joder! Derrigorra al du aurreko señorak bost minutuero jaiki eta goiko maletak irekitzen jardutea? Eta komunerako erromeria hori? Denak ados jarri al dira batera joateko?
Herriko bati gertatua akordatu zait. Izenik ez dizuet esango. Gizon puska zen, handia bezain ona. Lan-bidaia zela eta hegazkinera igo da, lasaitasuna kanpoan lagata. Halako batean zer-eta pilotua kabinatik atera eta zuzenean doa beragana. Serio begiratu eta esan dio:
— Jauna: jaiki zaitez mesedez eserleku horretatik eta bestaldean eseri zaitez. Hegazkinaren oreka mantentzeko derrigorra dugu.
Kabroia pilotua! Litroka irentsi zuen txistua gure gizonkote gizajoak.
Eta Estatu Batuez zer esan? Kontradikzioz betetako lurraldea iruditu zait. Uste dut sekula ikusi ditudan gauzarik ederrenak eta zatarrenak bertan aurkitu ditugula. Konparazio batera Israelgo banderak dituzte inguruko etxeetako atarietan. Aldiz bertan bizi den jendea maitagarria iruditu zaigu.
Ez dakit… batzuetan leihotik ikusten dudan ozeanoaren aurrean bezain txiki sentitzen naiz eguneroko paradoxak ulertzeko. Ba al dakigu zer norabide daramagun? Nor da munduko gidari? (eta nor da hegazekinnhonbetako pilotua!?)
2001ean izan zen. Hirugarren mailara igo ginen urte hura bai izan zela Espazioko Odisea guretzat (Oiartzun, Sondika…). Talde hark bazuen kapitain-pilotu aparteko bat. Taldekide bikaina. Astero-astero exenplua eman eta denon errespetua irabazi zuena. Herritik kanpo dabil hura ere. Jon Lizaso Ipintza, ‘Kapi’. Gogoratze al dek zenbat barre eta zenbat negar egin genuen urte hartan? Besarkada bana, Ameriketako partetik.
Gaizka Kortadi