Albisteak
[ENBIDOA] Ima Izeta: “Anaikidetza”
— 2025-01-27Emozio eta sentimendu asko mugitzen dituen hitza. Urepele izan da Zestoarekin senidetzen azken herria, aurrez Palestinako Birzit eta Saharako Tishla herriak izan ziren. Urepelen izan ezik, beste bi herrietan borroka eta sufrimendua dute egunerokoa. Hala ere, Saharako errefuxiatu kanpamentuetara egin ditudan bidaietan esperantza sumatu dut. Desertuko zeru izarratuari begira inoiz ez nuen ikusi nire burua orain bizitzen ari naizen egoeran.
Betidanik izan dut gustuko interpretazioa eta gaztetan antzerkia egin banuen ere, hortxe gelditu zen. Urte asko pasa ondoren, berriro jarri nintzen buru belarri antzerki munduan. Hamar urte Zestoako Antzerki Taldean egin ondoren, Donostiako TAEn, Arte Eszenikoen Eskolan, igaro ditut bi urte eta maiatzean graduatu berri naiz. Sei urte ere badira Lili jauregian Andremadalenen azalean janzten naizela. Oso gustuko dut herrian bizi izan zen emakume ahaldundu honen azalean jartzea. Pasa den urriaren 2an, Andremadalenen soinekoa zintzilikatu eta ekitaldiak eskatzen zuen moduan, galaz jantzi nintzen Bilboko Campos Eliseosen banatu ziren Besarkada Sarietako ekitaldia aurkezteko. EABk, Euskal Aktoreen Batasunak, bi urtetik behin banatzen ditu sari hauek Euskal Herriko aktoreen artean.
Esperientzia ederra bizi izan nuena, erakusleiho polita niretzat, han baitzeuden gaur egun punta-puntan dauden aktore eta zuzendari onenak. Horietako batzuekin grabatu dut pasa den asteburuan film labur bat, lehen ere beste bat grabatu nuen, publizitate bideoklip bat ere bai,… dagoena hartu behar eta lan txikietatik hasi zerbait handiagoa egiteko. Horrelaxe nabil orain, egunen batean Zinemaldiko alfronbra gorria zapaltzeko ilusioarekin!
Horretarako bai beharko dudala benetako gala jantzia. Agian, Markel Etxeberriak Balenciagako soineko eder bat utziko lidake. Zer diozu Markel? Edo zuk diseinatutako soineko bat jantzi nezake. Zer berri Paris aldeko glamourrez betetako kale, estudio eta pasareletatik?
Ima Koiote
Egin zaitez bazkide