Martxoa 2026
— 2026-03-27Irakurri 280. zenbakia hemen.

1976. urtean, Zestoako kirol egoera oso bestelakoa zen. Kiroldegi bat eraikitzeko ideia hasia bazen ere, herrian ez zegoen futbol zelairik. Hondartza futbolean edo Azpeitiko Zubiolan jokatzen genuen. Testuinguru horretan, hainbat kirolzalek —Xabier “Apaiz txikia”, Javier Altuna, Jose Luis Irure…— herrian kirol taldea sortzeko bilerak egiten hasi ziren. Garai hartan eskupilota eta eskubaloia martxan ziren, eta haiei mendizaletasuna, atletismoa, txirrindularitza eta futbola gehituta sortu zen Kirol Bazkuna. Hasieratan biltzeko lokalik ezean, sanjoseetako krosa antolatzeko bilerak Koioteko sukaldean egiten genituen. Entrenamenduak, berriz, Hermanoetako frontoian edo patioan.
Futbol taldearen sorreran zeresana izan zuen gazte talde batek alebinetan Gipuzkoako areto futboleko txapelketa irabazi izanak (partidu guztiak irabazita). Euskadiko txapelketan ere emaitza onak lortu zituzten. Halako taldea eta herrian futbol zelairik ez izatea harrigarria zen. Horren ondorioz, Eusko Jaurlaritzako eta Foru Aldundiko kirol teknikariak Zestoara etorri ziren, eta, azkenean, Zubiaurren futbol zelaia egitea erabaki zen.
Hasierako urteetan aldagelarik ez eta atsedenaldietan Lau iturrira joaten ginen ura edatera eta atseden hartzera. Kanpoko taldeentzat harrigarria zena, zestoarrentzat, indar iturri zen ur hura, Asterixentzat edabe magikoa bezala.
Klubean bizitzako momentu gogoangarrienetako bat 1990ean Flandesen jokatutako txapelketa izan zen. Belgikara abiatu aurreko egunetan, Jose Migel Alberdi taldekidea auto istripuan hil zen. Hura omentzeko asmo eta indarrez, txapelketa irabazi zuten. Bidaia hark taldea indartu zuen, eta ondorengo bi urteetan klubak bi maila igo zituen. Tristeenetarikoa, aldiz, futbol zelaia Zubiaurretik Iraetara eramatea izan zen. Borroka asko egin genuen, urte luzeetan, baina ezin izan zen zelaia herrigunean mantendu.
Asko izan dira herriari kirolarekiko maitasuna transmititu dioten herritarrak. Nik bi goraipatu nahi nituzke: Jesus Goikoetxea “Fati” eta Iñaki Irureta “Triku”. Azken honen alabari, Jone Iruretari, pasatu nahi diot enbidoa. Martxoan gauden honetan, nola bizi izan dituzue zuen etxean sanjoseetako krosaren inguruko egunak?
Antselmo Astiazaran