Paperekoa

[ERREPORTAJEA] Haurren ongizatea bultzatzeko, Amets Sarea taldea sortu dute herriko hainbat erakunde, eragile eta norbanakok

Amets Sarea taldea sortu izanak ez du esan nahi herrian ume eta nerabeen ongizatearen alde inor lanean ez denik ari, ezta gutxiagorik ere. Batzuk pantailen erabilera gehiegizkoarekin kezkatuta daude, beste batzuk arduratuta daude umeak kalean gaztelaniaz ari direlako, eta beste batzuentzat haurren kontzentrazio-ahalmena gero eta ahulagoa izatea da buruhaustea. Amets Sarearen helburua indarrak batu, eta ipar bera adostuta, elkarrekin lan egitea da. Egitasmoa 0-6 urte arteko haurrentzat eta haien gurasoentzat da. Asmo nagusia da haurtzaroan eta nerabezaroan dituzten arazoei aurrea hartzea, eta horretarako prebentzio lana egitea.

Nohelia Coila Pacheco (herritarra), Itsaso Zubiria Etxeberria (liburuzaina), Nerea Linazasoro Lazkano (Ekain Guraso Elkartea), Eztizen Ituarte Lertxundi (Herri Ikastetxea), Oier Eizagirre (Aizarnako eskola), Esther Eizagirre (Arroako eskola), Leire Etxeberria Lizarralde (Zestoako haur-eskola), Janire Etxebarri Mendia (anbulatorioko pediatra), Irati Otaño Aizarna (Ahurra Guraso Elkartea), Ane Egaña (Sakulupe Guraso Elkartea), Esti Zabala (Euskara Foroa), Olatz Bereziartua Aizpurua (Zaintza Sarea), Leire Unanue (Kalexka), Itxaso Marti (herritarra eta pediatra), Shamaila Fiaz (herritarra eta gurasoa), Gurutze Lopetegi (herritarra eta gizarte hezitzailea), Leire Otaegi Labaka (udaleko gazteria teknikaria), Anabela Odriozola (udaleko gizarte langilea), Naroa Otaegi (udaleko gizarte langilea), Nora Palmitano (udaleko euskara teknikaria), Onintza Irureta Azkune (herritarra-itzulpenak), Nerea Goikoetxea (udaleko zinegotzia), Lorea Ilundain (udaleko zinegotzia), Ainhoa Pinedo Etxeberria (Hezten–dinamizatzailea).

Nork abiatu du egitasmoa?

Zestoako Udala da egitasmoaren dinamizatzailea, eta berak jarriko ditu baliabideak. Udaletik sortutako egitasmoa izan arren, taldeko kideen ardura da norabidea zehaztea, edukiz betetzea eta erabakiak hartzea. Taldean, herriko hainbat erakunde, eragile eta norbanako ari dira lanean. Gidaritza lanak errazte aldera, diputazioari dirulaguntza eskatu dio udalak, eta, horri esker, Hezten elkarteko kide bat kontratatu dute (aisialdi hezitzaile eta euskaltzalea eskaintzen du talde horrek).

Zergatik sortu da Amets Sarea?

Taldekideek Danbolini adierazi diote haur eta nerabeen bueltako hainbat arlotan kezka berak sumatzen hasiak zirela. Eskoletan, osasungintzan, gurasoen inguruan eta aisialdiko edo hezkuntza ez formaleko espazioetan zenbait joera kezkagarri ari ziren ikusten azken urteetan. Honela zerrendatu dituzte nagusienak:

-Haurren artean euskararen erabileraren jaitsiera nabarmena.

-Mugikorren eta sare sozialen erabilera okerrak haur eta nerabeengan duen eragin kaltegarria. Horrekin batera, aisialdi eta gizarte ereduaren inguruko kezka.

-Haurren artean, “bertakoak” eta “kanpokoak” elkarrekin egoteko, jolasteko, harremanak izateko dauden errezeloak, kontrakotasunak… Taldekideek diote inklusio eza geroz eta nabarmenagoa ari dela izaten eskolan eta herrian haur, nerabe eta helduongan.

-Azken urteetan haur eta nerabeen osasun mentalak okerrera egin izana.

-Herri gisa “gauzak gaizki egiten ari garen sentsazio orokorra, atzetik goazen sentsazioa, edo, beharbada, atzerantz goazen sentsazioa…”.

Zein da helburua?

Haur eta nerabeen ongizatea bermatzea da helburua. Arazoak eta gabeziak gutxitzea da asmoa, eta, horretarako, prebentzio lana egitea hobetsi dute. Horregatik, 0 eta 6 urte arteko umeentzat egingo dute lan, baita haien gurasoentzat ere. Taldeak gogoeta eta ekintzak, bi ildoak, jorratuko ditu. Haurrentzat lanean ari den herriko eragile bakoitza bere aldetik aritu beharrean, asmoa da Amets Sarearen bidez koordinatzea eta egitasmo globalaren norabidea elkarrekin adostea. Onuradun zuzenak umeak eta gurasoak izango dira, baina, taldekideek Danbolini adierazi diotenez, “herri osoaren ongizatean eragin nahi genuke, eta herria saretzen joatea nahiko genuke”. Gizarte inklusiboagoa eta kohesionatuagoa eraiki nahi dute.

Noiztik ari dira lanean?

2025eko irailean hasi ziren lanean. Bilerak hilero egiten dituzte. Hilabete hauetan, hiru lanetan aritu dira: lehenik eta behin, herrian dauden baliabide eta zerbitzuak zerrendatu dituzte; bigarrenik, saiatu dira adosten taldearen helburua nola ulertzen duten, alegia, ‘haurtzaroaren garapen osasuntsua’ esanda zer ulertzen den. Hirugarrenik, taldearen funtzioez eta bakoitzaren konpromiso mailaz jardun dute.

Zein lantalde sortu dituzte?

Irailaz geroztik egindako bileretan, haurren garapena egokia izateko nahitaezkoak diren gaien zerrenda luzea atera zaie: herri kohesioa, euskara, familiak, jolasak, irakurtzearen garrantzia, sozializazioa, estimulazioa, pantailak, elikadura, emozioak, herriko agenda bateratua, eta abar. Gai bakoitzarekin lantalde berezitu bat sortu ezin denez, gaiok zeharlerroan landu ahal izateko bi lantalde sortzea adostu dute. Lantalde batek harrera jorratuko du, eta besteak guraso eskola. Bilera guztiak euskaraz egiten dira, eta, atzerritar jatorria dutenek parte hartu ahal izateko, herritar batek xuxurlari lanak egiten ditu.

Zein asmo dituzte ‘harrera’ eta ‘guraso eskola’ lantaldeek?

Harrera lantaldea herritar etorri berriei nolako harrera egiten zaien aztertzen ari da. Hainbat herritarrek, beren modura, nolabaiteko harrera egiten diete etorri berriei. Dena den, lantalde honen asmoa da herri harrera integral bat martxan jartzea. Horretarako, udal teknikariek landutako “Baliabideen gida” izango da abiapuntua. Etorri berriei herriari buruzko informazioa paperean eskura ematea nahikoa ez dela iritzita, herritarrongana iristeko beste modu batzuk aztertuko dituzte.

Guraso eskolak ekainaren 11n antolatuko du lehenengo ekintza : “Azalerako ipuinak”. 0-2 urte arteko haurrentzat eta haien familientzat izango da. Izen-ematea maiatzaren 25etik ekainaren 5era arte izango da. Horrez gain, datorren ikasturtean, bi hilean behin, “osasun eskola” antolatuko dute, gurasoei kezka pizten dieten gaiez hitz egiteko kafe-tertuliak. Bestalde, aztertzen ari dira gurasoentzako euskara klaseak martxan jartzeko aukera. Haurrak eskolan dauden bitartean izango lirateke, ikastetxean bertan. 

Parte-hartzaileak

Herriko hiru ikastetxeetako, hiru guraso elkarteetako eta haur-eskolako ordezkariak daude taldean. Gainera, udaleko bederatzi ordezkari daude, teknikariak eta zinegotziak. Osakidetzako herriko pediatra ere bai. Horietaz gain, Euskara Foroko kideak eta hainbat herritar ari dira parte hartzen. Bileretan, herritar batek itzultzaile lanak egiten ditu euskara ulertzen ez duten parte-hartzaileentzat. Bilerak dinamizatzen, berriz, Hezten elkarteko dinamizatzaile bat aritzen da. Guztira 23 pertsona daude taldean.

Onintza Irureta Azkune




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide