Albisteak

[ERREPORTAJEA] Zestoa Kirol Bazkunaren aterkipean

Ez dira gutxi Zestoan egin diren kirolak. Aurrez eskubaloiak eta pilotak beren ibilbidetxoa egina zuten herrian, futbola, txirrindularitza, atletismoa eta mendizaletasuna batu zitzaizkienean Zestoa Kirol Bazkuna sortzeko. Antselmo Astiazaranek gogoan du nola duela 50 urte herrian kirola bultzatzeko irrikaz zegoen gazte talde bat Kirol Bazkuna sortzeko asmotan hasi zen. Hala ere, lehen dokumentu ofizialak 1987ko data darama. Horrek ez du esan nahi ordura arte herrian kirol antolaturik ez zegoenik; aitzitik, hainbat talde eta ekimen baziren ordurako martxan. 

Hamarkadetan zehar, hainbat kirol taldek urteak igaro dituzte Kirol Bazkunaren aterkipean lanean. Herrian kirola modu antolatuan sustatzea zen klubaren xedea. 2014an, ordea, estatutuak aldatu zituzten, eta talde bakoitzak bere bidea egitea erabaki zuen. Horrela sortu ziren gaur egun ezagutzen ditugun klubak.

Kirol talde horien ibilbidearen zertzelada batzuk azalduko dira jarraian. Kirol hauen ibilbidea askoz ere zabalagoa bada ere, paperaren mugak tarteko, pasarte nagusi batzuk baino ez ditugu jaso.

Eskubaloia, hutsetik zaletasunera

Eskubaloiarekin ekingo diogu erreportaje honi, Kirol Bazkuna sortu aurretik jada martxan baitzegoen “Club Deportivo Zestua de Balonmano”. Xabin Zulaikak, Alfredo Elorzak eta Juan Mari Artanok izan zuten taldea sortzeko ideia. Esan eta egin.

Eskubaloiaren aurretik, plaieroetan eta pilotan jarduten omen ziren; beraz, eskubaloian nola jokatzen zen ere ez zekiten gehienek. Hasierako egunetan bateren bat baloia eskuetan hartu eta saltaka abiatzen omen zen; azaldu egin behar izan zieten botatuz egin behar zela.

Ez zuten dirurik, ezta jokatzeko kantxarik ere, baina hutsetik sortu zituzten bai taldea, bai zaletasuna. Kirol talde haren sorrerak herrigintzan sekulako eragina izan omen zuen; egundoko nobedadea izan zen. Jokatzeko kantxarik ez, eta lehen urtean Azpeitiko Betharramistetan jokatu zuten, eta, gero, Zumaiako monjetan. Hirugarren denboraldia bikaina izan zen: jubenilek Zarauzko udako txapelketa irabazi zuten, eta seniorrek ligako txapeldun amaitu zuten.

Arrakasta hark bultzatuta, Udalak hormigoizko zoladura jarri zuen Gurutzeaga frontoiaren atzealdeko orubean —gaur egun umeen parkea dagoen inguruan gutxi gora behera—. Zementuzko zorua udalak jarri zuen; ateak, ordea, taldeak.

Urte gutxian eskubaloiak sekulako zaletasuna piztu zuen herrian. 1975 inguruan bost talde zeuden, guztiak gizonezkoenak, eta kirolaren gorakadak udalaren proiektu nagusietako bat ere baldintzatu zuen. Hasieran pilotaleku bat egiteko asmoa bazegoen ere, herritarren eskaerari erantzunez, kiroldegia eraiki zuten, eta, harekin, eskubaloian jokatzeko lekua. Bi hamarkadatan indar handia izan zuen eskubaloiak Zestoan; gero, ordea, desagertu egin zen, eta gaur egun eskola kirolaren bidez baino ez da egiten.

Pilotari lotutako herria

Zestoa historikoki herri pilotaria izan da. Horren erakusgarri da duela 120 urte eraiki zuten frontoi zaharra. Garai hartan artekariak barra-barra ibiltzen omen ziren han. Apustu giroko frontoia zen, eta, ziurrenik, apustuen munduak eman zion bere garaian izan zuen ospea.

Kirol Bazkuna sortu aurretik ere pilota jaialdiak antolatzen ziren Zestoan. Uda sasoian egunero bi partida jokatzen ziren, eta frontoiaren udako kudeaketa enkante bidez esleitzen zen; diru gehien eskaintzen zuenak antolaketa bere gain hartzen zuen.

Zestoak presentzia handia izan Herri arteko Txapelketan ere. Hogei bat urtez jarraian parte hartu zuen, 1990eko hamarkadan etenaldia iritsi zen arte. Bidean, emaitza bikainak lortu zituen: 1971n eta 1974an finalera iritsi zen, nahiz eta bietan txapelak ihes egin. Iaz arte ez ziren zestoarrak berriro finalaurrekoetara iritsi. Herrian beste txapelketa batzuk ere antolatu izan dira, gaur egun ere bizirik dirautenak, hala nola Txokoko Txapelketa.

Garai hartan pilotari handi eta profesional ugari atera ziren Zestoatik. Alabaina, pixkanaka jarduera apaldu egin zen, eta belaunaldi berriak sortu baziren ere, askok kanpoan egin zuten beren kirol ibilbidea. Ondorioz, nolabaiteko geldialdia bizi izan zuen herriko pilotak.

Dena den, pilota taldeak eta pilota eskolak lanean jarraitu zuten, eta egoerari buelta ematea lortu zuten. Geroz eta haur gehiago hasi ziren pilotan, eta horrek beharrezko erreleboa ekarri zuen. Emakumeen presentzia, ordea, oso berandu iritsi zen: Leire Lopetegi eta Maialen Etxeberria izan ziren Zestoako Pilota Elkartean federatutako lehen bi emakumeak, 2016an. Biak palaz aritzen ziren.

Gaur egun, 2014az geroztik, Abantzu Pilota Kluba izenpean dihardute, eta haur zein gazteek astero entrenatu eta hainbat txapelketatan parte hartzen dute.

Hango eta hemengo mendietan barrena

Zestoarrek betidanik izan dute mendian ibiltzeko zaletasuna. Mendi artean bizi denak burua altxatu eta gailurrera igotzeko grina izaten du. Agiro Mendi Taldearen sorrera ulertzeko, 80ko hamarkadara egin behar dugu atzera. Antza denez, garai hartan bi mendizale talde edo zeuden: batetik, inguruko mendietan ibiltzen zirenak eta nagusiki mendi taldearen martxa eramaten zutenak; bestetik, mendizaletasuna beste modu batera ulertzen zutenak, kanpoko mendietara eta erronka handiagoetara jotzen zutenak. Mikel Irure bigarren talde horretakoa zen: “Lehengo mendizaleak zurrutazaleak eta mendigoizaleak ziren, batez ere hemengo mendietan ibiltzen zirenak… Guk, ordea, eskema denak puskatzen genituen”.

Agiro Mendi Taldea 1987an sortu zen ofizialki. Xabier Sagarzazu izan zen lehen idazkaria, oso gaztea artean, eta taldearen izena Xoxoten egindako bilera batean aukeratu zuten antza. Mikel Irureren arabera, hainbat proposamenen artean Agiro nagusitu zen: “mendi polita zela, Zestoatik ederki ikusten zela, eta horixe jarri”.

Taldearen helburua mendizaletasuna sustatzea zen: inguruko mendiak ezagutzeaz gain, Pirinioetara irteeraren bat egitea eta bide berriak ezagutzea. Urte hauetan guztietan federatu ugari izan dira herrian; mende hasieran, esaterako, 70 zestoar zeuden Gipuzkoako Mendi Federazioan federatuta.

Hamarkadetan mendiaren bueltan askotariko jarduerak antolatu dituzte: ibilaldi neurtuak, Pirinioetarako irteerak, eskalada, eskia, traila eta espeleologia, besteak beste. Horien artean, Zestoako Ibilaldi Neurtua da hitzordu nagusietako bat; aurten, hain zuzen ere, 24 urte bete ditu. Urte hauetan guztietan, mendizaletasuna bezala, taldea ere aldatuz joan da, eta duela hamabi urte estatutuak eguneratu ondoren, Agiro Mendi Kluba sortu zen.

Txirrindu gainean hor zehar

Txirrindu gainean ordu asko pasatakoak dira makina bat zestoar. Herrian horretarako aukerarik ez, eta txirrindulariak Azpeitira edo Zumaira joaten ziren, mahonezko galtzak soinean, bizikletan ibiltzera.

1986an antolatu zen Zestoan txirrindularitzarekin lotutako lehen proba; Ondarbasoko Igoera, hain justu. Zestoako Gazte Asanbladak antolatu zuen, herritar askoren laguntzarekin. Jesus Izeta Koiote hasieratik agertu zen laguntzeko prest, eta Gazte Asanbladako kide zen Luix Migel Ugarte Zunzunekin, baserriz baserri ibili ziren baserritarrei proba garaian txakurrak lotuta izateko eskatuz.

Handik urte gutxira, Jesus Mari Ibarguren Lokatza, Juan Carlos Iraolagoitia eta Bitoriano Odriozola Arlensiu tabernan elkartu ziren, Kirol Bazkunaren barruan txirrindularitza saila sortzeko asmoz. Talde hark hartu zuen Ondarbasoko Igoera antolatzeko erreleboa. Urteen poderioz, probaren egunak ere izan ditu gorabeherak, baina hitzorduak ez du etenik izan (COVID garaian izan ezik, noski).

Partaide gehienak gizonezkoak izan ziren arren, 2005ean emakumeek ere parte hartu zuten lehen aldiz: Olatz Sagarna eta Maitane Zumetak.

Lehiaketaz gain, txirrindulari taldeak, martxotik irailera bitartean, 25-30 irteera inguru antolatzen zituen urtero, inguruko herrietako taldeekin batera. Ziklista bakoitzak bere liburuxka izaten zuen, eta irteera bakoitzean zigilua jartzen zietela gogoratzen du Bitorianok. Taldearen lehendakaria aukeratzeko garaian, besteek familia ardura gehiago zituztela eta, Bitorianori egokitu omen zitzaion kargua. Berak umorez gogoratzen du: “Ez zen beste munduko lanik; baina zaplada bat jaso behar bazen, ni nintzen lehena”.

2014an, txirrindularitzak ere bere bidea hartu zuen Gurutzeaga Txirrindulari Kluba sortuta. Gaur egun, Ondarbasoko Igoeraz gain, Gurutzeaga Txirrindulari Saria ere antolatzen dute herrian.

Hondartzan hasi, hartxintxarretik pasa, eta belar artifizialean futbolean

Futbola izan da, urte luzez, Zestoan herritar gehien mugitu dituen kirola. Hasierako urteetan, ordea, jokatzeko zelairik ezean, ahal zuten tokian aritzen ziren. 1950eko hamarkadan, esaterako, Zarauzko hondartzan jokatzen ziren plaieroetara joaten ziren. Chocolates Loyolako kamioi txiki batean egiten zuten bidaia, txokolatea banatzeko erabiltzen zen ibilgailuan, isil-isilik, Guardia Zibilak gelditzeko beldurrez.

Herrian futbol zelairik ez, eta inguruko herrietako instalazioak erabiltzen zituzten. Egoera aldatzen hasi zen kiroldegia eraiki eta eskolako gazteek areto futbolean maila bikaina erakutsi zutenean. Urte oso batean partida bakar bat ere galdu ez izanak erakundeen arreta piztu zuen, eta horrek bultzatu zituen Zubiaurre futbol zelaia eraikitzera. Nolabait esateko, areto futbolak hauspotu zuen Zubiaurreren sorrera.

“Batzuentzat infernua eta besteentzat gotorlekua”. Halakoa zen Zubiaurre futbol zelaia, gaur egun pumptracka dagoen tokian kokatzen zena. Hartxintxarrezkoa zen, eta jokalariek eurek margotzen zituzten astero zelaiko marrak karearekin. Hasieran ez zegoen aldagelarik; gero jarri zituztenetan ere, dutxatu ondoren handik garbi ateratzea zaila zen, itxura denez. Atsedenaldietan Lauiturrira joaten ziren, eta baloiak ibaira erortzen zirenean, salabardo erraldoi batekin berreskuratzen zituzten. Baldintza xumeak izan arren, astebururo ikuslez gainezka egoten zen zelaia, eta askok oraindik gogoan dute han sortzen zen giro paregabea.

Zestoako futbolak une gogoangarri ugari utzi ditu. Horietako bat 1990ean gertatu zen. Belgikako Flandes Cup txapelketara abiatu aurretik, taldeko jokalari bat istripuz hil zen. Kolpe latza jaso arren, taldeak bidaia egitea erabaki zuen, eta txapeldun itzuli zen. Talde haren batasuna eta indarra mugarri bihurtu ziren.

Beste une ahaztezin bat, berriz, duela 25 urte iritsi zen, Zestoak Espainiako Hirugarren Mailara igotzea lortu zuenean. Lorpen hura hain izan zen berezia, Gipuzkoako Futbol Federazioko ordezkariak eta Realeko Zamora bera ere zoriontzera etorri baitziren. Maila hartan urtebete baino iraun ez bazuten ere, jokalariek argi dute arrakastaren gakoa taldearen konpromisoa, elkarlana eta batasuna izan zirela. Konpromiso horren erakusgarri da Gaizka Kortadik kontatutako bitxikeria hau: “Partida bateko atsedenaldian, kapitainak guztiei kamiseta erantzi eta poltsan sartzeko esan zigun; oso gaizki ari ginela jokatzen eta ez genuela Zestoako kamiseta janztea merezi”. Gaur egun oraindik urtero elkartzen dira garai hartako taldekideak une haiek gogoratzeko.

Zubiaurren aztarna arkeologikoak aurkitu zirenean, futbol zelaia Iraetara lekualdatu behar izan zuten. Instalazio berriak modernoagoak baziren ere, askorentzat Zubiaurreko gertutasuna eta nortasuna galdu ziren.

Emakumeen futbola, beste kiroletan bezala, gizonezkoenarekin alderatuta berandu iritsi zen. Hasieran areto-futbolean aritu ziren, eta Iraeta futbol zelaiarekin batera sortu zen nesken futbol taldea ere. Lehenengo urte hartan, bi talde aritu ziren. Emakumeen taldeek ere garai oparoak bizi izan dituzte; esaterako, 2014/15 denboraldian Gipuzkoako txapeldun izan ziren jubenilen mailan. Gaur egun, futbolak Kirol Bazkunaren barruan jarraitzen du atletismoarekin batera, eta 300 jokalari ingururen etxea da.

Ibiltari laster eta korrikalarietatik, atletismoraino

Kirol Bazkuna sortu zenean herritar gutxik egiten zuten atletismoa; beren kasa eta ahal zen moduan korrika egiten zuten gehientsuenek. Garai hartan, korrika eta apustuak eskutik joaten ziren Zestoan, eta apusturik gabeko korrikak, atletismoak, ez zuen indarrik, ez erakargarritasunik.

Herriko atletismoaren hitzordu nagusia Herri Krosa izan ohi zen, eta hala izaten jarraitzen du. Lehen aldiz 1979an antolatu zuten. Jesus Izeta Koiote izan zen sorreran bultzatzaile nagusia, haren ingurukoen laguntzarekin. Koioteko jangelan elkartu omen ziren antolatzaileak, eta han prestatu zuten lasterketa. Lehen edizioa Santa Kutz jaietan jokatu zen, nahiz eta urte gehienetan San Jose egunean egin izan den. Garai hartako lasterketak gaur egungoak baino luzeagoak eta gogorragoak ziren antza denez, eta emakumeen parte hartzea ez zen 1984ra arte iritsi.

Sari bereziak ere baziren. Antolakuntzan zegoen Jesus Goikoetxea Fatiri bururatu omen zitzaion pisutsuenarentzako saria jartzea —ez omen zen arinenetakoa bera—. Portu tabernan pisatu omen ziren hainbat korrikalari, eta saria azpeitiar batek irabazi omen zuen, 400 gramo gehiago pisatzen baitzuen. Elkarrizketan ahaztu egin zitzaion aipatzea pisutsuenaren saria sortzeko ideia berea izan zela.

Atletismoa modu antolatuan egiteko garaia 1986-87 urteen inguruan hasi zen, haurren atletismoa serio bultzatzeko ahaleginarekin. Herri Krosean parte hartzen zuten gazteekin osatutako taldeak 65 haur bildu zituen lehen denboraldian, eta Gipuzkoa osoan lehiatu ziren. 1980ko hamarkadan atletismo sailak indar handia hartu zuen, eta Zestoako atleta federatuek Gipuzkoako, Euskadiko, Espainiako nahiz nazioarteko txapelketetan parte hartu zuten; baita emaitza aipagarriak lortu ere.

Hala ere, eskola mailako atletismoari ez zitzaion behar adinako babesik eman, eta oztopoak bata bestearen atzetik etorri ziren. Ondorioz, eskola mailako atletismoa desagertu egin zen, eta haurrek korrika egiteari utzi ahala, kadete eta junior mailako jarduerek ere behera egin zuten.

Gaur egun, atletismoak Kirol Bazkunaren barruan jarraitzen du, futbol taldearekin batera.

Oihane Goikoetxea




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide