Uztaila 2026
— 2026-08-25Irakurri 284. zenbakia hemen.

Beti eragin dit zirrara Zestoako bainuetxeak, haren handitasunak, haren arkitekturak, ezin uka behiala izandako dotorezia apur bat hondatuak sentiarazten duen malenkonia izpiak baduela berekin gozotasuna eta lilura. Han dago, denbora gainditu duen erraldoi baten gisa.
Tarteka kafetegira joatea gustatzen zait. Duen sabaiaren altuera, dekorazioa, ibaiaren murmurioak laztantzen duen terraza leku aparta da irakurtzen egoteko, alboan jubilatu asperturen bat bilobaren bideo zaratatsuak ikusten hasten ez bazaizu, bederen. Baina beti harritu izan nau zein zestoar gutxi ikusten dudan bertan; inor ez, gehienetan. 1893an ateak ireki zituen Gran Hotel Balneario de Cestona zestoarrentzat ez balitz bezala.
Neure kabutan pentsatzen nuen, agian, zestoarrek ez ote duten ikusten bainuetxea elite baten egonleku gisa, handi-mandien oportoki, nahiz eta gaur Imserso den bezero nagusia. Baina historiak hor dirau, eta askotan oroimenak gehiago agintzen du guregan, errealitateak baino.
Gero jakin nuen, nire harridurarako, XX. mendearen erdia ongitxo igaro arte zestoarrei ez zitzaiela bainuetxean sartzen uzten, lan egiteko ez bazen, eta hor kausitu nuen oroimenaren beste arrazoi bat hara ez hurbiltzeko.
Ezin dugu ahaztu bertako langileek urteetan egin duten borroka lan baldintza duinen alde, bainuetxea esplotazio-gune ere bazela oroitarazi ziguna. Eta egia da euskal kulturarekin ere ez duela inoiz lotura handirik eduki, aspaldi ETBrako grabatu ziren gala batzuk kenduta. Egunkariak egoten ziren garaian honakoak ziren: El Diario Vasco, El Correo, El País, El Mundo eta ABC.
Urtez urte hondatzen eta hondoratzen doan altxor bat da, eta pribatua den arren emozionalki Zestoarena dela sentitzen dut. Ba ote dago modurik herriaren eta ondare horren artean harremanak estutzeko, bainuetxea zestoarren dinamikan nolabait integratzeko? Jende asko igarotzen da handik; jasotzen al dute Zestoaren nortasun kulturaletik ezer, ala postal batean ageri den herrixka gara haientzat?
Ez dakit; zutabe honek ez dauka tesirik amaieran, kezka bat soilik, leku kuttun eta berezi baten galera erabatekoa izan ez dadin.