Urria 2026
— 2026-10-29Irakurri 286. zenbakia hemen.

Euripean izan bazen ere, lasotarrek ez zuten festarako aukera galdu atzokoan. Goizetik gauera, adin guztietarako ekintzak izan zituzten, eta auzotarrek ez zioten hutsik egin urteroko hitzorduari.
Goizean, mezaren ondoren, auzoko adinekoak hamaiketakoaren bueltan elkartu ziren, Itzeder eta Txibilter trikitilariek girotuta. Eguerdian, berriz, haurrek eta gaztetxoek hartu zuten protagonismoa, beren txupinazoarekin, buruhandiekin eta ondorengo bazkariarekin.
Arratsaldean ere izan zen zertaz gozatu: auzotarren arteko mus txapelketak eta frontoiko puzgarriek bete zuten egitaraua. Gauean, berriz, jaietako hitzordu kuttunetako baten txanda iritsi zen: bertso afaria. Andoni Egaña eta Amets Arzallus aritu ziren bertsotan, eta Itzeder eta Txibilterren doinuek ere lagundu zuten gaua girotzen.
Hala, eguraldiak askorik lagundu ez arren, auzo elkartearen bueltan elkartu eta elkarrekin ederki ospatu zituzten sanmartinak.

























