Urria 2026
— 2026-10-29Irakurri 286. zenbakia hemen.

Kalabazak, kandelak, ipuinak eta gaztaina erreak izan ziren protagonista atzo, larunbata, Zestoako herrigunean, Gau Beltzaren bueltan antolatutako ospakizunetan. Haurrek zein helduek parte hartu zuten ekintzetan, eta misterioa eta festa giroa nagusitu ziren herriko kaleetan.
Arratsaldean hasi ziren ekintzak Gaztelekuan, DBHko gaztetxoentzako kalabaza bizkotxoa egiteko sukaldaritza tailerrarekin. Iluntzean, berriz, Gau Beltzeko giroa kaleetara zabaldu zen. Hilerritik abiatu zen kalejira isila, eta parte hartzaileek, kandelak eskuetan zituztela, giro berezia sortu zuten ibilbidean zehar.
Kalejiraren ondoren, Amelie ipuin kontalariaren istorioak entzuteko aukera izan zuten Alonderon bildutakoek. Ospakizunari amaiera emateko, gaztaina erreak dastatu zituzten plazan.




































