Albisteak
[ARGAZKIAK] Haizea Arana izan da Gipuzkoa Bertsotan txapelketako Zestoako kanporaketan puntu gehien lortu duen bertsolaria
— 2024-04-26333 puntu lortu ditu lehen sailkatu den Haizea Aranak eta aita, zaintzen duten guztiak eta lagun bollerak izan ditu gogoan bere azken agurrean.
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako sailkapen fasea da Gipuzkoa Bertsotan. Aurten, gainera, urteurren garrantzitsu batek are garrantzi handiagoa emango dio udaberriko faseari; 50 urte dira Gipuzkoako lehen bertso-eskola sortu zela.
Eskoriatzan hasita, 32 herritan izango dira saioak bi fasetan banatuta. Lehen fasean izena eman duten 74 bertsolariek kantatuko dute, eta horietatik 48 pasako dira bigarren itzulira. Udazkenean izaten den Gipuzkoako Bertsolari Txapelketarako txartela, aldiz, 48 horietatik 34k lortuko dute.
Apirilaren 25ean, atzo, hasi zen Eskoriatzan Gipuzkoa Bertsotan, eta sailkapen faseko kanporaketa bat izan da gaur Zestoako kultur etxean. Eneko Araiztegi, Eneko Beretxinaga, Haizea Arana, Oihana Arana, Julen Zulaika eta Amets Aizpurua bertsolariek hartu dute parte, Haritz Alberdi gai jartzailearen agindutara.
Jarraian, gaurko puntuazioa:
333 punturekin, lehen sailkatua, Haizea Arana
329,5 punturekin, Eneko Araiztegi
319,5 punturekin, Oihana Arana
316,5 punturekin, Julen Zulaika
305 punturekin, Eneko Beretxinaga
296 punturekin, Amets Aizpurua
Hauxe Haizea Aranak agurrean botatako bertsoa
Oihana gure aitatxo harro
legoke oso gainera,
zaintzen nauzuen guzti horientzat
ezin dut hitzik atera,
sarri bakarrik ezin denean
posible baita batera,
baina bertsotan ibili gabe
nola bagaren bollera,
azkenerako egunak hartu
du ospakizun tankera
benga amigas, berandu goaz,
goazen Leizan ospatzera
Egin zaitez bazkide