Albisteak

Haur eta nerabeen ongizatea indartzeko “Amets Sarea” egitasmoa sortu dute

Herriko haur eta nerabeen egoeraren inguruko kezka partekatutik abiatuta, hainbat eragile eta profesional elkartzen ari dira Zestoan “Amets Sarea” izeneko egitasmoaren baitan. Ikasturte hasieratik martxan dagoen lanketa honek haur eta gaztetxoen ongizatea jarri nahi du erdigunean, prebentzioan eta komunitatearen elkarlanean oinarrituta.

Azken urteotan hainbat joera kezkagarri antzeman dituztela azaldu dute: pantailen erabilera handia, euskararen erabilera apaltzea eta gaztelerarako joera handiagoa, kontzentrazio arazoak, sozializazio zailtasunak edo ikas-prozesuetan agertzen diren porrot egoerak, besteak beste. Kezka horiek ez dira eremu bakarrean agertu; eskoletan, osasun arloan, familien artean eta aisialdiko zein hezkuntza ez formaleko espazioetan ere sumatu dituzte.

Horren aurrean, Zestoako Udalak herriko hainbat eragile eta norbanakorekin batera hausnarketa eta lanketa partekatua abiatu zuen. Udalak dinamizatzaile lana egiten du egitasmoan, baina norabidea taldeak berak erabakitzen duela nabarmendu dute. Guztira, 20 lagun inguruk parte hartzen dute: osasun arloko profesionalak, ikastetxeetako ordezkariak, haurreskolako kideak, guraso elkarteak eta udaleko hainbat teknikari, besteak beste.

Lantaldeak argi ikusi du aipatutako erronkak ezin direla banaka landu. Hori dela eta, ikuspegi bateratua lantzearen alde egin dute, herriko eragile guztiek norabide berean lan egin dezaten eta haurrei zein familiei antzeko mezuak helaraz ditzaten.

Prebentzioari eman nahi diote garrantzi berezia. Izan ere, gaur egun arazo batzuk 8 eta 10 urte bitartean agertzen badira ere, lehen urteetan eragin behar dela ondorioztatu dute. Horregatik, 0-6 urte bitarteko haurrak eta haien familiak izango dira lanketaren lehentasunetako bat.

Lehen pausoak martxan

Egitasmoaren baitan dagoeneko hasi dira lehen ekimenak antolatzen. Ekainaren 11n egingo dute “Azalerako ipuinak” izeneko saioa, 0-2 urte bitarteko haurrei eta euren familiei zuzenduta. Parte hartzeko aurrez izena eman beharko da maiatzaren 25etik ekainaren 5era bitartean.

Datorren ikasturtean, gainera, “Osasun eskola” izeneko egitasmoa jarriko dute abian. Bi hilabetean behin egingo diren kafe-tertulia formako saioetan, gurasoek seme-alaben hazkuntzarekin eta ongizatearekin lotutako gaiak partekatu eta lantzeko aukera izango dute.

Bestalde, aztertzen ari diren beste neurrietako bat da gurasoentzako euskara eskolak ikastetxeetan bertan eskaintzea, haurrak klasean dauden ordutegian.

Egitasmoaren sustatzaileek adierazi dutenez, datozen hilabeteetan behar berriei erantzuteko ekimen gehiago ere martxan jartzea da asmoa.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide