Iraeta auzoko legez kanpoko hondakin isurketak salatu ditu Eguzkik
— 2023-07-04Legez kanpoko isurketetako bat elizatik 100 bat metrora dago, Arrogoia eta Ibañarrieta auzoetara doan errepidean, eskuinaldean. Eremu honetan isuritako hondakinen artean: obra-hondakinak, altzarien zatiak, fardelak lotzeko sokak, plastikoak, etxeko hondakinak (beirazko eta plastikozko poteak). Baita pneumatikoak, nekazaritzarako plastiko beltzak eta Big Bags paketatzeko zaku zuri batzuk ere. Azken hondakin horietako batzuk atzean dagoen errekatik jaso ditugu.
Eliza beretik abiatu eta Urola ibaiaren ondoko baratze eta negutegiak atzean utziz gero, 900 metrora dagoen hartxintxarrezko pista bati jarraituz Aizarnazabal aldera, beste isurketa bat antzeman dugu. Kasu honetan, hondakin gehienak nekazaritza- erabilerako plastiko beltzez eta auto- eta pneumatiko-gurpilez osatuta daude. Auto baten bateria, garraiorako orgatxo baten gurpilak, ur kontagailu kaxa bat, fardelak lotzeko sokak eta toldo bat ere bai, argazki honetan ikus daitekeen bezala.
Lurzorua kutsatuz hondakinak kontrolik gabe isurtzea gutxi ez balitz, gaineratu behar dugu kasu honetan, plastiko beltz gutxi batzuk, ur-kontagailuaren kaxa eta toldo zati bat kenduta, gainerako hondakinak lur azpian zeudela eta hori ere nahikoa iruditzen ez bazaigu, errekasto baten zortasun-eremua ere badela. Eta oraindik ere, plastiko eta gurpil batzuk lurpean daude, ateratzeko ahaleginak egin arren.
Eguzkitik legez kanpoko ekintza horiek eta ingurumenaren aurkako erasoak salatzen ditugu. Aldi berean, jendea animatzen dugu horrelako gertaerak publikoki eta erakundeen aurrean sala ditzaten. Era berean, gogorarazi behar da Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko Legea Ekonomia Zirkularrerako berariaz debekatzen duela «edozein motatako hondakinak kontrolik gabe uztea, isurtzea edo ezabatzea», «2.001 eurotik 100.000 eurora bitarteko isunarekin, salbu eta hondakin arriskutsuak edo lurzoru kutsatuak badira; kasu horretan, isuna 20.001 eurotik 600.000 eurora bitartekoa izango da».
Eguzkik legez kanpoko isurketa horien berri eman die Udaleko Ingurumen Sailari eta Uraren Euskal Agentziari (Ura). Alde batetik, degradatutako eremuak ahalik eta azkarren lehengoratzeko eskatu die, hondakinek hondakinei deitzen dietelako, eta, bestetik, gune horiek kontrolatzeko. Hala ez bada, isurketak berriro gerta daitezkeela uste dugu.
Egin zaitez bazkide