Albisteak

Itxaropena dantza taldeak Arabako dantzak plazaratuko ditu larunbateko ikasturte amaierako emanaldian

Larunbat honetan, ekainak 14, Itxaropena dantza taldeak Arabako hainbat dantza oinarri dituen emanaldia eskainiko du. Araba, zazpigarren alaba izenburua eman diote emanaldiari, Gorka Knörr-en abestia gogoan. “Dantza taldeetako errepertorio eta ikuskizunetan ez dira ezagunenak agian, baina ikusi dugu Araban badela dantza aberastasuna eta bertako dantza, erritu edota festetako elementu, pertsonaia eta jantziei tiraka osatu dugu saioa”, hala adierazi digute Itxaropenako kideek.

Besteak beste, Eltziego, Ekora, Villabuena, Guardia, Pipaon edota Gesaltzako dantzak plazaratuko dituzte. Haur eta gaztetxoen taldeak eta helduen taldea elkarrekin arituko dira, guztira, 50 dantzari inguru. Eta nola ez, baita musikariak ere, bost musikari. Aurtengo musika tresna protagonista, dultzaina izango da, “Arabako festa eta dantzen soinuan horixe izan ohi baita ohikoena”.

Dantza saioa Laranjadi plazan izango da, “dantzen testuinguru naturala plaza eta kalea izanik, dantzak kalera atera nahi ditugu, herriko erdigunera”. Gure lurralde honetan, ordea, eguraldiak asko baldintzatu ohi du, beraz, euria bada kiroldegian izango da saioa.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide