Albisteak

[JARDUNIAN] Lutxi Segurola Gerriko: “Beharra daukanak atea jo duenean lagundu egin diot. Eta hori transmititzen saiatu naiz”

1936an jaio zen Lutxi Segurola Gerriko (Azpeitia, 1936) eta Elarritzara ezkondu zen gero. Txikitatik neska bihurria eta bixia izan dela esan digu, eta datozen lerroetan irakurri ahal izango duzuen bezala, besteei laguntzen eman du bizitza, gogor lan egin eta familia zoragarri bat osatzeaz gainera.

Jaiotetxea eta familia.

Azpeitian jaio nintzen, Larrain baserrian, Landeta inguruan. 1936koa naiz, gerra orduantxe egongo zen, baina nik gerrarik ez dut ezagutu. Nire ama, Isabel Gerriko; beti gaixorik. Baserrikoa bertakoa zen eta, hiru ahizpetan zaharrena zenez, bera geratu zen baserrian, maiorazka. Aita Santiago Segurola, Atzerrekako Arlizeta baserrikoa; gizon langilea zen, ez dago esaterik. Ama, esanda bezala, beti delikada; gure amamak zenbat sufritu zuen beti bere alaba hori zaintzen! Hezurretako gaixotasunen bat zeukan (garai hartan ez zeukan izenik, baina Marijok argitu digu esklerosia izango zela). Ama gaixorik ezagutu genuen guk, amama, berriz, zen amama, ama eta denak. Bi ahizpa eta anaia bat ginen, neu gazteena.

Baserritik bizi ginen. Animaliak genituen, ogia egiteko labea ere bagenuen. Guk ez genuen ogi faltarik izaten. Dena etxerako izaten zen, baina esnea kanpora ere saltzen genuen.

Zer egiten zenuten txikitan? 

Esango banitu… nire txikitako baserri hura… Ez zegoen fabrikarik eta ez zegoen ezer Landetan, baserri batzuk. Larrain baserri hori kaminoaren ondoan zegoen, ibai handi bat ere bazen, eta presa handi bat. Joaten ziren etxeko aita eta aitita siestara, eta gu ibaira joaten ginen igeri egitera, han ikasi genuen. Sakona, ederra eta garbia zen ibaia. Presan, berriz, han jartzen ginen tente eta salto egiten genuen goitik behera. Akordatuta ere… zer ibiltzen ginen! Auzoko ume guztiok han elkartzen ginen,  eta etxekoak siestatik esnatzen zirenean laguntzera bueltatzen ginen, sorora edo, itula edo…

Ijitoak ere etortzen ziren ibai hartara eta hura izaten zen gure festa…haiei begira! Karroan etortzen ziren, zaldiak tiratuta. Haiei begira denbora pasatzen genuen; dantza egiten zuten, umeak hanka hutsik, soineko luze batzuk soinean eta kitto! Iluntzean gure etxera etortzen ziren esne bila.

Eta eskola?

Landetatik Azpeitiko Mixeikordia joan ginen eskolara. Lehenengo amamarekin edo tiarekin joaten ginen, erakutsi ziguten bazter-bazterretik nola joan, eta pixkanaka-pixkanaka bakarrik. Kilometroa inguru egongo zen. Eguraldi ona bazen horrelaxe, eta eguraldi txarra bazen poza hartzen genuen, Azpeitiko izebarenean geratzen ginen eta bazkaltzen. 

Gaztelerarekin ondo?

Eskolako oroitzapen onak ditut. Dena erdaraz, eh! Etxean Lutxi nintzen, lagunartean ere bai… Mojek Lutxi entzuten bazuten zuzendu egiten zuten, Lucía esan behar zela. Erdaraz jakin gabe hasi nintzen eskolan… pixkanaka-pixkanaka. Eskerrak horri, gaur erdaraz badakit nik! Ez daukat edozein tokitan edozeinekin erdaraz hitz egiteko ezinik, eta zeri eskerrak? Haien gogortasunari eskerrak. Eskola erakusten zorrotzak ziren, baina onak!

Orain, kastiguak… “problemak” jartzen zizkiguten eta guk egin egin behar. Esplikatzen zizkiguten ondo, pazientziarekin… ez baldin bazenuen asmatzen… eguerdian laga egin behar da, bazkaldu gabe, “hasta que hagas”. Ni behin geratu nintzen… Oso bihurria, jolastia… nahiago nuen itulan aritu ikasten baino… eta ahizpa, berriz, oso saiatua zen. Gogoratzen naiz zigortuta geratu nintzen egunean negarrez joan zela etxera hura.

Oso diferentea bilatzen dut oraingo eskola eta garai hartakoa. Bai nire seme-alaben garaikoa, bai bilobena. Orain, ikasi bai eh! Erakutsi egiten ziguten.

Eta eskola bukatutakoan?

Hantxe, baserrian lagundu eta bata eta bestea… gero, tia  Luxiarengana joan nintzen, Azpeitiko harategira. Baina tarte horretan ama gaixorik; amama hura zaintzen, aita hura zaintzen; baserriko lanak ere bai. Harategian lana egin eta Elenatxo, lehengusua, zaintzen nuen. Eta gero, gauetan amarengana. Gauetan Larrainen eta egunez Azpeitian.

Erromeria-zalea al zinen?

Ahal genuen tokira joaten ginen. Azpeitiko festak, Azkoitiko festak, Zestoako festak, Urrestillakoak, Matxinbentakoak, Beizamakoak. 18 urtetik aurrera edo.

Helduta ere egiten al zenuten dantza?

… San Agustinen, hilean behin gazteen elizkizuna izaten genuen igandean. Han medaila bat jartzen ziguten, zinta urdinarekin. Baina, ni ere deskuidatuko nintzen ba, eta behin, Landetako festetan edo Azpeitian, baten batek salatu edo, gustuko mutilen batekin agarrauan egin nuela. Zinta hori kendu zidaten. Hori ere pasatuta nago. Hura kendu zidaten eta kitto. 18 urte bueltan izango nituen. Zeladorak ibiltzen ziren, behatzen. Baina ez nintzen gaizki sentitu. Kontua izaten zen etxekoek jakiten bazuten edo…

Igandetan izaten zenuten libre, orduan? 

Bai. Pelikula baldin bazen, pelikula ikusi. Bestela gora eta behera Erdikalean. Baina garaiz etxera.

Eta gizona hor nonbait ezagutuko zenuen. 

Bai, Joxe Mari Azkue, Elarritzako semea. Nik 33 urte nituela ezkondu ginen eta Elarritzara etorri. Arantzazun ezkondu ginen. Manuel Azkue jesuitak, nire senarraren lehengusuak, ezkondu gintuen; aita zuen Elarritzakoa hark.

Eta egin al zenuten bidaiarik?

Joxe Mariren kotxean egin genuen ezkonbidaia, Valentziara joateko ilusioa! Bere kotxearekin Valentziara joan egin behar da! Hemengo semea, nora irtengo zuen ba! Baina azkarra zen. Hura zen futbolzalea, realzalea, eta ni itsaso-zalea, plaia-zalea… eta joaten ginen plaiara, baina arratsalde batean Realak jokatzen zuela Valentzian; hark irakurri edo bilatu edo… eta ni nire artean “nahiago nuke futbol-zelai hori bilatuko ez balu”. Bai bilatu ere! Ni hondartzatik atera nahi ezik eta zer da eta arratsalde oso bat kanpofutbolera!

Eta bueltan Elarritzara. 

Elarritzan garai hartan maiorazkoa zen Joxe Mari eta gure ezkontza poz handia izan zen, baita ondoren eraiki genuen familia ere. Joxe Mariren gurasoak bizi ziren bertan eta garai hartan baserrian biltzen ziren bere beste senideak ere. 

Bi alaba, Nerea eta Mari jaio ziren lehenengo eta denak mutilaren zain…maiorazkoaren zain. Azkue abizenak jarraitzea garrantzitsua zen…eta azkenean iritsi zen Jon semea. Hura poza!

Nolakoa zen bizimodua hemen? 

Baserritik bizi ginen. Baratza handia genuen eta uda etortzeko pozak; baratzak ematen zuen baina, patata, baba… Hori guztia bainuetxera saltzen genuen udan. Bainuetxea beteta egoten zen eh! Sagarra bazen, zegoena erosi egiten zuten. Gero, esnearekin salbatu ginen, Gurelesa edo hemen jasotzen hasi zenean. Hori ere aldea zen. Basoa atera, basoa garbitu… Hemen pinudi handiak ziren, eta basoko egurrak estimazio handia zeukan, gaur ez daukana. Moztu, eta kamioikadak eramaten zituzten.

Ama, beti presente.

Ama jaiotetxean zegoen, baina ni ezkondu nintzenerako ohean. Garai haietan, hark pasatzen zituen depresioak, minak… bi lagun behar ziren hura zaintzeko. Burua bakarrik mugitzen zuen, baina memoria ona, oso. Bueltaka jarraitzen nuen nik, Elarritzatik Larrainera. Baina momentu bat iritsi zen hona ekartzea erabaki genuena, nire seme-alabak txikiak zirela. Hortxe behean egoten zen. Guztiz elbarritu zenean, min guztiak joan zitzaizkion; ezin zen mugitu, baina minik gabe egonkortu zen, etxeko guztiok ibiltzen ginen haren bueltan, hogeita lau orduz. Elarritzan hil zen, goxo-goxo, edade handiarekin.

Gainera, amaren azken urte hartan nire ahizpa moja ere hil zitzaidan. Seguran urte askoan egon zen babestu beharreko haurrak zaintzen, eta ondoren adinekoak zaintzen. Gero Beasainen adineko egoitza batean aritu zen. Miserikordiako moja zen, “hija de la caridad”, eta baimena zuen astean behin, astelehenetan, ama bisitatzera etortzeko. Kotxean etortzen zen astelehenero eta asteartean itzultzen zen. Bidaia horietako batean, asteartean bueltan zihoala, istripuz hil zen Danonan. Kolpe handia izan zen. Beste urtebete edo iraun zuen amak.

Zaharrak etxean hartzen hasi zinen gero.

Ama hil zenean, bere gela izan zeneko atea ezin ireki nik, ez dakit zer gertatzen zitzaidan. Azpeitiko gizarte zerbitzuetatik proposatu zidaten adinekoak etxean hartu eta zaintzea. Foru Aldundiak adinekoen harrera programa bat zeukan eta familia hartzaileak gizarte zerbitzuek koordinatzen zituzten. Azpeitiko, Zestoako eta inguruko Gizarte Zerbitzuekin harreman handia izan nuen urte haietan, haiek koordinatzen baitzuten programa. Horrela hasi nintzen eta Faustina izan zen gure etxean artatu nuen lehen adinekoa.

8-10 urtez aritu nintzen. Hiru edadetu ere egon ziren batera. Guztira 7 adineko artatu nituen. Arrasateko amona lehenengoa, ondoren Arrasateko gizonezkoa. Azpeitia eta Beizamako bi emakumezko eta gizonezko bat izan nituen gero, eta amaitzeko Asteasuko amona bat eta baita hainbat urtez morroi gure etxean egon zen gizonezkoa ere. 

Nire senarra gaixotu zen eta urtebetean hil zen. Horregatik, alde batetik, eta ni ere adinean aurrera nindoalako, bestetik, zaintzak eskatzen dituen gorabeherei aurre egitea niretzat gehiegi zela ikusi nuen (medikuak, ospitaleko kontuak, gestio kontuak…) eta horrela utzi nuen. Gogo handiz aritu nintzen, oso gustura.

Euskara ikasten ari zen jendea ere hartzen omen zenuten.

Eusko Jaurlaritzak bidaltzen zituen hona. Ze oroitzapen dauzkat! Gazteak, jatorrak… Bilbokoak, Donostiakoak… euskaraz tutik ez eta sartu baserri-zulo honetan, desierto honetan! Aitu, negarrez joaten ziren eh! Haien pena! Hilabeterako etortzen ziren, banaka, udaren arabera bi edo hiru. 5-6 urtean aritu ginen horretan.

Hemen edadetuak zeudenean etortzen ziren. Etxea bete-bete. Ederki ikasi zuten euskaraz, parrandarik ere egin zuten gure seme-alabekin, baina baserriko bizimoduaz eta adinekoekin elkarbizitzen eta beharra zuena estimatzen ere ikasi zuten…Seme-alabek bezala! Zortzi bilobek ere ederki ikasi dute, poz hori daukat!

Gogoan dut Edurne. Albaitari izan nahi zuen eta hemen animaliak zeuden. Txahal bat gaixotu egin zen eta albaitaria etorri zen kura egitera. Edurne hark laguntza eskaini zion eta Juan Leturia albaitariak linternari eusten jarri zuen. Kura egiten ari zela hasi zen linternaren argi hura mugitzen eta hantxe erori zen “plast!”, mareatuta!

Beste anekdota bat ere izan zuen Edurne hark ahuntz batekin. Ahuntza lotuta egoten zen eta ekartzeko esan nion. Ahuntz hori ohituta zegoen artoa eman eta atzetik etortzen. Joan da artorik gabe, baina ahuntz horrek atzetik segitu. Ikusi bazenu haren ikara hura, ahuntza atzetik zuela! Bera zenbat eta azkarrago, ahuntza ere orduan eta azkarrago. Atea itxi zion, nola edo hala.

80-90 hamarkada jendetsua eta mugitua izan zen zuen etxean, baina 2000. urtean, gizona hil ezkero, zaharrak eta euskara ikasleak hartzeari utzi zenioten. Ordutik hona, zer?

“Ezer ere ez” atera zaio azkar, baina berehala kontraesan du Nerea alabak: lan asko egiten du. Oilategia bere kontu dago, arrautzak jaso, jana eta ura jarri, garbitu… kroketak, bizkotxoak eta edozein momentutan bazkaria egiteko prest, baratzean aitzurrean; belarrak kendu, baba ondo zaindu, ondo bildu, ondo lehortu… Horiek dira bere espezialitatea.

Sekula ez dut gerriko minik izan. Sagar biltzen ere aritzen naiz, dagoenean. Eta menbrilloak. Etxeko sagarra, errege sagarra. Bi urtetik behin izaten da hemen. Orduan egiten dut menbrillo asko-asko, izozkailuan sartu eta hor ondo egoten da (bi eman dizkit, bat niretzat eta bestea gure amarentzat).

Bilobak etorri ziren gero. Txikiak zirela hementxe denak bueltaka…eta orain gazteak dira eta bakoitza bere ikasketak, lagunak, festak…baina baserria eta amama ez dituzte saltzeko eh…Hortxe dituzu denak (tximinia seinalatu du, guztien argazkiekin). Umezain ere ibili naiz.

Joaten al zara Lasaora?

Asteazkena etortzen da eta, eguraldi txarra baldin bada, kotxea hartu eta Lasaoko elkartera joaten naiz, eguraldi onarekin, oinez. Hor juntatzen gara nire edade moduko bost edo sei emakume eta ez dakizu zein ondo pasatzen dugun. Eta esaten dugu: eskerrak Lasaoko elkarte hau gazteak borroka egin zutelako dagoela! Kafesnea, norbaiten urtebetetzea denean bizkotxoa ere bai, eta hizketan pasatzen dugu denbora.

Zapatutan elizkizuna egoten da. Apaiza, Yon, hilean behin etortzen zaigu. Gainontzekotan elizkizuna, liturgia, Otolako Rexuk egiten du. Tapizeiko Jexux Marik organoa. Kantuak… ezta Erromako katedralean ere horrelako kanturik, bozgorailuekin! Orain hasi da Mizpiretako Iñaki etortzen. Ez dakizu ze ahots eta ze kantu kantatzen dizkigun! Ezagun du ahotsa nola domatzen duen. Orain huraxe etortzen zaigu eta gu, lau edadetuok, hantxe.

 

90 urterekin bixi-bixi jarraitzen du Lutxik. Harro dago bere familiaz eta transmititu dienaz. Izan ere, behar duenari laguntze hori jaso dute bere seme-alabek zein bilobek. Bizitza luze bezain oparoaren errepasoa egiteko balio izan dio ia hiru ordura iritsi den elkarrizketa honek eta eskerrak eman dizkit bai niri bai Danbolini, hori egiteko tartea emateagatik. Bi menbrillo zorro batean hartuta agurtu dut familia.

 

Nerea Odriozola




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide