Albisteak

Lapurdiko kaskaroten dantza, doinu eta kantuekin agurtuko du ikasturtea Itxaropenak, igandean

Hilaren 7an, igandea, egingo du Itxaropena dantza taldeak ikasturte amaierako ohiko jaialdia. 18:30ean egingo dute hitzordua dantza taldekoek Laranjadi plazan, baina eguraldia lagun ez badute, kiroldegiko frontoian lekualdatuko dute.

Kaskarotak dantzan izena jarri diote Itxaropenakoek aurtengo ikasturte amaierarako prestatu duten ikuskizunari. Izan ere, Lapurdiko kaskaroten dantza, doinu eta kantuekin osatu dute emanaldia. Itxaropena dantza taldeko 90 dantzari inguru ariko dira plazan, 6 urtetik 60 urtera bitartekoak, belaunaldi ezberdinak ikuskizun berean elkartuz. Haiekin batera ariko dira Garikoitz Mendizabal, Xabi Zabala, Jon Mendizabal, Gorka Regil, Beñat Etxabe eta Joseba Regil musikariak.

Inauteri garaian Lapurdin etxez etxe eskean ibiltzen diren gazte taldeak dira kaskarotak. Barne festa izan ohi da gehienetan; askotan etxe barruetan orduak igarotzen dituzte jan-edanean, kantuan eta festan. Itxaropenakoek aurreratu dutenez, “martxen doinura eta erritmora mugitu ohi dira alde batetik bestera, eta geldialdietan hainbat dantza egiten dituzte; besteak beste, xinple, marmutx, makila-txiki, makila-handi, dantza-jauziak, fandangoa…”. Halaber, kaskarotetako hainbat pertsonaia ere izango dira emanaldian: “Ponpier eta Kotilungorri izeneko pertsonaiak ere taldearen parte dira, baita banderaria, jaun-andereak eta beste hainbat ere. Eta kontuz! Zenbait leku eta unetan hartza ere agertu izan da”.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide