Maiatza 2026
— 2026-06-03Irakurri 282. zenbakia hemen.

Haurrek idazketa tailerrean sortutako “Oparirik ederrena” ipuinari amaiera jartzeko aukera izango dute herritarrek. Haur zein helduek parte hartu ahal izango dute lehiaketan, eta proposamenak aurkezteko epea zabalik dago jada.
Idazketa tailerra Hitzetik Loratu zikloaren baitan egin dute, eta bertan parte hartu duten gaztetxoek ipuin bat sortu dute denen artean, Nerea Loiola idazlearen gidaritzapean. Hala ere, ipuina bukaerarik gabe utzi dute nahita, herritarren sormena piztu eta lehiaketatxo bat antolatzeko asmoz.
Ipuina liburutegian dago irakurgai, eta interesa duen edonork hartu, irakurri eta bere amaiera proposatu ahal izango du. Horretarako, ekainaren 19ra arte izango dute denbora parte-hartzaileek.
Ondoren, gaztetxoek eurek irakurriko dituzte jasotako bukaerak, eta ekaina amaitu aurretik aukeratuko dute gehien gustatzen zaien amaiera. Gainera, parte hartu duten guztien artean Nerea Loiolaren Eskapu bildumako hiru liburu zozketatuko dituzte; zozketa uztailean egingo dute.