Apirila 2026
— 2026-05-04Irakurri 281. zenbakia hemen.

Beste behin ere jendetza bildu da gaur, maiatzak 9, Bandak proposatutako emanaldian. Zestoako eta Elizondoko bandek elkartruke kontzertua eskaini dute; iaz Elizondon elkartu ondoren, gaurkoan Zestoan aritu dira elkarrekin.
Kontzertua iragartzeko, bi bandak kalerik kale ibili dira lehenik, eta eguraldia lagun, Euskal Herria plazan eskaini dute emanaldia. Lehenengo Zestoako Bandak jo du, ondoren Elizondokoak, eta amaieran elkarrekin interpretatu dituzte Zestoan oso maiteak diren bi pieza: Ertxina eta Zestoa. Publikoak txalo artean jarraitu ditu zestoarrentzat bereziak diren melodiak.
Elkarrekin jotako lehenengo pieza Esteban Velascok —gaur egun Elizondoko bandako zuzendaria denak— zuzendu du, eta bigarrena, berriz, Beñat Etxabek. Elizondoko bandako zuzendariak azaldu du ilusio handiz hartu duela gaurko gonbidapena; izan ere, hilabete gutxi daramatza Elizondoko Bandaren gidaritzan. Irriz gogoratu du, gainera, bere ibilbideko garai batean Zestoan ere aritu zela zuzendari lanetan, eta orduko taldekide batzuk izen-abizenez gogoratu ditu. Ilusiotik egin du hitzartzea, eta “musikak elkartzen gaitu” esaldiarekin amaitu du.
Bandako kideek aurreratu dute Zestoan izango duten hurrengo hitzordua ere prestatzen ari direla: ekainaren 19rako, jada tradizio bilakatzen ari den soinu banden kontzertua antolatzen ari dira.