Albisteak

[ELKARRIZKETA] Eremu tentsionatua, etxebizitza eskubidea babesteko bidean urratsa

Zestoa ofizialki eremu tentsionatu izendatu dute, eta neurriak indarrean daude jada apirilaren 28tik. 2023ko Etxebizitza Legeak sortu zuen figura hori, etxebizitza merkatuan tentsio handia duten herrietan alokairuaren prezioak arautu eta bestelako neurriak aplikatzeko aukera emanez.

Azken urteetan herriak izan duen bilakaerak eraman du egoera horretara. Biztanleria %22,6 hazi da azken urteotan, baina etxebizitza eskaintza ez da erritmo berean handitu, eta eskaintzaren eta eskariaren arteko desoreka nabarmendu da. Gaur egun, Zestoan 1.859 etxebizitza daude, batez beste 46 urtekoak, eta etxebizitza babestuak parkearen %2,5 baino ez dira. Bestalde, etxebizitza eskatzaileen artean alokairua da aukerarik eskatuena: erregistratutako 184 eskaeretatik %71,6 alokairuko etxebizitzaren bila ari dira.

Diagnostikoak beste datu esanguratsu bat ere utzi du mahai gainean: herrian inor erroldatu gabeko 388 etxebizitza identifikatu dituzte, eta hutsik dauden etxeen tasa %10,1 da, Gipuzkoako batez bestekoa baino handiagoa.

Testuinguru horretan, Zestoako Udalak 2023an izendapena eskatzeko prozesua abiatu zuen. Horretarako, etxebizitzaren egoeraren diagnostikoa eta hiru urterako ekintza plana prestatu behar izan zituzten. Lehenik, Eusko Jaurlaritzak eskaera onartu zuen, eta etxebizitza ministerioak ere ontzat eman ondoren, 2026ko apirilaren 27an BOEn argitaratu ostean, neurriak indarrean sartu ziren hurrengo egunean.

Mikel Arregi alkatearekin hitz egin dugu, neurri horiek herritarrentzat zer esan nahi duten azaltzeko.

Zein da gaur egun Zestoako etxebizitzaren egoera? Zer ondorio atera dituzue diagnostikotik?

“Azken urteetan Zestoak aldaketa handia bizi izan du. Inguruko herrietan etxebizitza aukerarik aurkitu ez duten pertsona askok, batez ere kostako herrietatik, hona jotzen dute bizitzera, eta aldi berean gure gazte askok ez dute herrian bertan etxebizitza eskuratzeko aukerarik aurkitzen eta adibidez Azpeitia edo Azkoitiara jotzen dute.”

Alkatearen arabera, egindako diagnostikoak argi erakusten du eskaintzaren eta eskariaren arteko desoreka. Herrian etxebizitza huts kopuru handia dagoen arren, alokairuko eskaintza oso urria da eta jabetza publikodun etxebizitza kopurua 0 da. Zestoan oraindik alokairua kostako herrietan baino merkeagoa bada ere, azken urteetan kostako herrietan baino gehiago garestitu da.

“Bestalde, Zestoa errenta ertain eta baxuko pertsonen harrera herria bihurtu da eta aldiz azken urteetan kostaldeko ondoko herriek eta maila batean Azpeitiak ere, errenta altuagoko pertsonak hartu dituzte. Lurralde ikuspegi batetik segregazioa ekidin eta gizarte orekarako neurri orokorrago batzuk hartzen ez badira, beste 25 urtean aldaketa soziologiko ikaragarriak nozituko ditugu, eta hor Zestoak ondoko herriek baino zaurgarritasun handiagoa dauka”.

Gainera, herriko etxebizitza parkearen zahartzea ere erronka handitzat jo dute. Etxebizitzen batez besteko adina 46 urtekoa da, eta etxe askok egokitzapen edo berritze lanak behar dituzte.

Diagnostikoarekin batera ekintza plana ere aurkeztu duzue. Zertan datza?

“Planak hiru ildo nagusi ditu: alokairuen prezioaren erregularizazioa eta mugatzea, etxe hutsen merkaturatzea eta etxebizitza publiko berrien eraikuntza”.

Alokairuen prezioen kontrola izendapenarekin batera datorrela azaldu du alkateak. Etxe hutsak merkatura ateratzeko, berriz, neurri fiskal berriak erabiliko dituzte. Hirugarren ardatza etxebizitza publiko berriena izango da; Kale-Okerreko eta Correos eraikina zegoen orubeetan jabetza publikodun 22 etxebizitza eraikiko dira. Nahiz eta horretarako aurretik HAPOa behin betiko onartu beharko den. “Ditugun asmoek horrela eskatzen dute” adierazi du Arregik.

“Prezio erreferentziak errespetatu egin beharko dira”

Nola aplikatuko dira alokairuaren inguruko neurriak?

“Dagoeneko tentsio eremu izendapena jasotzen duten herriek alokairu indize bat ezarria daukate, Eusko Jaurlaritzak erreferentziazko indizeak agertzen diren webgune bat argitaratu du. Bertan ikus daiteke Zestoari dagokion informazioa eta baita etxebizitza bakoitzaren alokairu indizea kalkulatzeko tresna ere; aurrerantzean alokairu prezioek indize hori errespetatu beharko dute”.

Alkateak esan digunez, azken 5 urteetan alokairura bideratu gabe egon diren etxebizitzei eta alokatuta dauden 5 etxebizitza baino gehiagoko etxe-jabe handiei aplikatuko zaie indizea; neurriak berehala aplikatu beharko dituzte. Gainontzekoek, berriz, kontratua amaitu arte orain arteko baldintzekin jarraitzeko aukera izango dute, baina kontratua berritzean ezingo dute alokairu prezioa igo.

“Gainera, maizterrak kontratua hiru urtez luzatzeko eskubidea izango du, beti ere baldintza batzuk betetzen badira, eta lehen aipatu bezala kontratu berrian alokairu prezioa ezingo da igo”.

Alkatearen esanetan, helburua “herrian bizitzen jarraitu nahi duten pertsonei babesa ematea” da. “Zestoan bizitzea ezin da pribilegio bat izan”.

Halaber, Eusko Jaurlaritzak erregimen zigortzailea ere ezarri du neurri horiek betetzen ez dituztenentzat. Udalak azaldu duenez, ikuskaritza zorrotzak aurreikusten dira. Horrenbestez, ezarritako mugak gainditzen dituzten etxejabeek edo araudia betetzen ez dutenek isunak jaso ahal izango dituzte.

Nola bultzatuko dituzue hutsik dauden etxeak merkatura?

“Zestoan hutsik dauden etxebizitza gehienak bizitzera sartzeko moduan daude”.

Horregatik, etxejabeei Alokabideren bitartez etxebizitzak alokairura ateratzeko deia egin die Udalak. Programaren bidez, etxebizitzaren jabeak hilean 700 euro jasoko lituzke, eta gainera segurtasun bermeak izango lituzkeela azpimarratu du alkateak.

“Etxebizitzaren asegurua programak hartuko luke bere gain, eta errenta aitorpenean zein Ondasun Higiezinen gaineko Zergan hobariak izango lituzkete”.

Bestalde, etxebizitza hutsik mantentzen dutenentzat neurri fiskalak gogortuko dituzte. 2027tik aurrera, hutsik dauden etxebizitzek %150eko gainkarga izango dute OHZn, eta 2027an zehar udalak metro koadroka kalkulatutako kanona ezartzeko araudia onartuko du. Horrela, 2028tik aurrera, etxebizitza hutsei kanona ezarriko litzaieke.

Zein da etxebizitza publikoen inguruan duzuen asmoa?

“Etxebizitza oinarrizko eskubidea da, eta osasun edo hezkuntza sistema publikoak ditugun bezala, espekulazioari aurre egiteko jabetza publikodun etxebizitzak eraikitzea ezinbestekoa izango da. Espainia eta Euskal Herria, Europako etxebizitza publikorik gutxiena duten lurraldeak dira”.

Lehen aipatu bezala, HAPOa behin betiko onartu arte eraikuntza publiko berriak eraikitzen ezingo da hasi, baina aurretik lanketa egiten ari direla nabarmendu du Arregik.

“Correoseko etxea eta Kaleokerrean eraitsi berri den eraikinaren eremua etxebizitza publikoetarako erabiltzea da gure asmoa. Espazio horiek gureganatu eta prestatuta ditugu jada”.

Eusko Jaurlaritzarekin batera proiektatu dituzten etxebizitza horiek gazteei eta egoera zaurgarrian dauden herritarrei zuzenduta egongo lirateke: familia monoparentalei, bakarrik bizi diren adinekoei eta antzeko egoeretan daudenei.

Zer gertatuko da hiru urte igarotakoan?

“Hemendik hiru urtera, etxebizitza legea aldatzen ez bada, tartean hauteskundeak daudelako, eta Zestoak eremu tentsionatu izaten jarraitzeko baldintzak betetzen jarraitzen badu, izendapena zuzenean berrituko luke”.

“Nolanahi ere, udalak interbenitzeko aukera izatea berri ona bada ere, berririk onena udalak interbenitu beharrik ez izatea litzakete, horrek etxebizitza eskubidea bermatua dagoela esan nahiko lukeelako. Kontua ez da neurriak behin-behineko salbuespen gisa ulertzea, baizik eta etxebizitza politika egoki batek, herri baten garapen sozial orekatu eta duin bat eraikitzeko tresna gisa erabiltzea”.

Amaitzeko, ekainetik aurrera udalak egoera berriak eragiten dien herritarrak informatzeko zerbitzua martxan jarriko duela adierazi digu alkateak.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide