Ekaina 2026
— 2026-07-02Irakurri 283. zenbakia hemen.

Narrondoko San Kristobal jaiak uztailaren 10etik 12ra izango dira. Hiru egunez, auzoak adin guztietarako egitarau zabala prestatu du: meza, puzgarriak, sagardo dastaketa, trikitilariak, bizikleta poteoa, sardina jana, artisau azoka, pailazo ikuskizuna eta herri kirol erakustaldia izango dira protagonista.
Ostirala, uztailak 10, Kristobal Deunaren egunarekin hasiko dira jaiak. Goizeko 08:00etan botako dute txupinazoa, eta 11:00etan herri meza egingo dute. Ondoren, hamaiketakoa izango da. Arratsaldean, 16:00etatik 20:00etara, puzgarriak, zezen mekanikoa eta txokolatada izango dira, eta eguraldi ona eginez gero uretako puzgarriak ere jarriko dituzte. 19:30ean inguruko baserrietako sagardo dastaketa egingo dute pintxoekin batera, Ostolaza eta Larrañaga trikitilarien doinuekin. Gaua dantzaldiarekin amaituko da.
Larunbatean, uztailaren 11n, 12:00etan abiatuko da Bidegorriko I. Poteoa Bizikletarekin. Arratsaldean, 15:30ean, mus eta eskoba txapelketak izango dira, eta 20:30ean sardina jana egingo dute. Sardinak doan banatuko dituzte, eta saiheskiak eta edariak ordaindu beharko dira. Ondoren, Elizagoien ahizpek eta Imanol trikitilariak girotuko dute gaua.
Igandean, uztailaren 12an, 11:00etatik 14:30era IV. Artisau Azoka egingo da, talogileekin batera; azken horiek egun osoan izango dira bertan. 12:30ean Zapotxin pailazoak “Baratxuri zoparen sekretua” ikuskizuna eskainiko du. Ondoren, bazkaltzeko aukera izango da karpan, bakoitzak bere janaria eramanda; edariak, berriz, mostradorean erosi beharko dira.
Jaiak amaitzeko, 18:00etan herri kirol erakustaldia izango da. Aizkoran ariko dira Andoni Iruretagoiena “Izeta VI”, Mikel Larrañaga, Ugaitz Mugerza eta Eneko Otaño; harri-jasotzen, berriz, Estefi Etxebeste eta Udane Ostolaza.