Albisteak
Ostiralean hasiko dira Narrondoko sankristobal jaiak
— 2019-07-03Datorren ostiralean hasi eta hilaren 14ra arte luzatuko dira aurten Narrondoko sankristobalak. Suziriaren leherketarekin emango diote hasiera festei eta ondoren, “Oikiako Peio” astoarekin eta Itziarko “Jun o lehertu” giza proba taldea izango dira auzoan. Iluntzean, bertso afaria egingo dute Sebastian Lizaso, Onintza Enbeita eta Jon Maia bertsolariekin. Jagoba eta Maddalen trikitilariak izango dira bertan eta eguna dantzan amaituko dute erromeriaz lagunduta.
Egun batzuetako atsedenaren ostean asteazkenean murgilduko dira berriro ere festa giroan. Kristobal Deunaren eguna ospatuko dute eta txistulariak, meza, sagardo dastaketa edota “Jon Txikiren” monologo emanaldia izango dute. Ostiralean, berriz, mus eta eskoba txapelketa. Larunbat arratsaldean txokolatada egingo dute. Ondoren, karakol lasterketa eta Gorriti eta Lopene beren animalekin. Urtero legez, sardina jana ere egingo dute. Dantzan amaituko dituzte jaiak igandean.
Ikusi egitaraua osorik hemen.
Joan den urtean 50 urte bete zituzten auzoko jaiek eta urteurrena zela eta, Eli Alonso, Xanti Etxabe eta Andoni Zendoia auzokideekin bildu ginen. Ikusi osatu genuen bideoa:
Egin zaitez bazkide