Iraila 2026
— 2026-10-08Irakurri 285. zenbakia hemen.

Rodeo musika talde zestoarrak zuzeneko emanaldietan geldialdi mugagabea egiteko erabakia hartu duela jakinarazi du. Ia 12 urtez etenik gabe aritu eta 320 kontzertutik gora eskaini ondoren, zuzenekoek eragindako nekeak hartu du pisua erabakian. Hala ere, agur esan aurretik, zortzi kontzertuko bira egingo dute, eta azken emanaldia Zestoako Gaztetxean izango da, urtarrilaren 9an.
«Ez dakigu noiz, nola eta zerrekin itzuliko garen etorkizunean», adierazi dute taldekideek sare sozialen bidez zabaldutako mezuan. Oraingoz, musika jarduna entsegu lokaleko goxotasunera mugatuko dutela azaldu dute.
Ortzi, Beñat, Oroitz eta Mikelek eskerrak eman nahi izan dizkiete urte hauetan bidelagun izan dituzten guztiei. Bereziki aipatu dituzte taldearekin aritutako teknikariak, musikariak eta bestelako lanetan lagundu dieten lagunak, baita kontzertuak antolatu eta harrera egin dieten areto, gaztetxe eta elkarte autogestionatuak ere.
Geldialdia iragarri arren, agurtzeko bira egingo dute: «Zuei entzule nahiz ikusleoi eman diguzuen guztia bueltatzen saiatuko gara». Guztira zortzi kontzertu iragarri dituzte, Euskal Herrian zein Euskal Herritik kanpo.
Geldialdiaren aurreko kontzertuak
+ Urriak 30: Azpeitiko Gaztetxea, Istilurekin.
+ Azaroak 7: Bonberenea (Tolosa), Ezpalak eta Linton Taunekin.
+ Abenduak 3: Godfather (Vallecas), Disnomia eta Limonero Fuzzekin.
+ Abenduak 4: Ateneu Federica Montseny (Castelló), Disnomia eta Limonero Fuzzekin.
+ Abenduak 5: Asesino (Valentzia), Disnomia eta Limonero Fuzzekin.
+ Abenduak 18: Mutrikuko Gaztetxea, Cobrettirekin.
+ Abenduak 19: Elorrioko Gaztetxea, Víborarekin.
+ Urtarrilak 9: Zestoako Gaztetxea, Dena, The Clayton, Gaizkille eta Lurrikararekin.
Azken kontzertua etxean emango dute, beraz, Zestoako Gaztetxean. Taldekideek euren mezua urte hauetako ibilbideari keinu eginez amaitu dute: «Norbaitek galdetuz gero non nagoen… esan banatorrela!».